Zeure burua lehena

BERRIA.
Bea Salaberri
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Elkargoak lehendakaria hautatu eta hasian hasi gehiengoan onartu zuen euskararen eta euskal kulturaren eskumenen bereganatzea, seinale azkarra; alabaina, punpean euskarazko hitzartzeak bideratzeari kale egin zion.

Batetik, bada zoriontzekoa, urrats nabariak, aspaldiko aldarrikapenetatik datozenak baitira. Bestaldetik, imajina daiteke bi gaien fagozitatze oraindik handiagoa Frantziaren satelite baizik ez den egiturarengandik: esnatzen baita beldurra (arrazoitua, aurrekariak ez dira eskas) gaiak gehiago instituzionalizatu, teknikarien esku jarri, desozializatu eta funtsaz desbideratuko direlakoa. Bizkitartean, okerrena ez bada beti seguruena, merezi dute euskalgintza bezala kulturgintza ahalegintzea, egiturak garatuko dituen politiken akuilu eta bermatze lanetan aritzea, eta, araiz, koherentzia hortik letorke.

Hizkuntzaren arloan, Elkargoak badu lan, nahiz bideak urratuak izan azken urteetan; horretan inportanteenak badira engaiamendu eta pasio puntua ere, nahikaria eta ausardia hots.

Lehenik, egokiena litzateke hurbil dadin EAE, Nafarroa, Bretainia edo Korsikako egituretara, ikusteko han zer pasatzen den: bizipen eta esperientzietatik ikasten baita, hortik errazago luke bide orria markatzea. Elkargoak funtsezkoa duke helburuen definitzea eta horien zerbitzuko estrategiak, funtsezkoa ere hizkuntz politika molde bateratu eta koherentean eramatea, lurralde osoan baliabide ekonomiko eta humano dezenteak eskainiz erabakiko diren ildoen garatzeko. EEP sortu garaietan bezala, ateak zabalik behar lituzke euskalgintzaren, baita gizarte osoaren, elkarteen, enpresen, norbanakoen ekarpen eta iradokizunei ere, eginmolde parte hartzailearen apustua eginez, gardenki, hots politika partekatua eta ez bulegoetan txosten lehian garatua, bulegotik terrenorako ezberdintasuna mapatik lurralderakoa bezainbatekoa baita.

Erran gabe doa, laguntzeko hor lituzke euskalgintzaren esperientzia luzea eta azken urteetako hainbat lan; pentsatzen dut, gaur arte burutu diren egitasmo anitzi, Protokoloari, erabilera planei, Euskal Konfederazioaren liburu zuriari zeinetan prospekzio lan xehea egin baitzen, urgentziak neurtu eta zerrendatuz berreskuratzen eraginkor baterantz.

Paraleloan, euskalgintzarengandik, atzarririk, prestaturik eta prest egotea beharrezkoa da, irakurketa kritikoak egiteko, puzzlea osatzeko, ildoak aitzinarazteko, aukerak probokatzeko, egoerari egokitzeko.

Nahiz berezko gaia ez izan, euskal kulturari doakionez, euskarazko sorkuntza egiazki susta dezakeen politika eraman dezan desiratzen dut, baita arte eta kultur heziketa eraginkorra martxan eman dezan ere, bereziki belaunaldi gazteei begira. Gainera, kultur baliabide eta dokumentuak denen eskura jartzeko pausoa goaitatzen dut, bai ondareari, bai sorkuntzari begirakoa, gure kultura lehenik guhaurri zuzendua izanki, ororen esku behar luke. Dena dela, bi gaiek, hizkuntza eta kulturak, uztarturik behar lukete hertsiki.

Oroz gainetik, behingoz, posible egin diezagutela euskaraz egitea noiznahi eta nonahi eta bozkatuko den politika aplika diezaiola eredugarriki Elkargoak berak bere buruari lehenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.