Gorka Arrese.
LAU BEGI

Zergatik gustatzen zaizkigu kontakizunak?

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Pertsonaiengatik.

Mitografia da literatura: gizakiak marrazten ditu. Jendeari begiratzen dio, pertsonaiak gorpuzten ditu, gaur egungo mitoak: Elsa Scheelen, Iñaki Abaitua, Metxa Agirre, Amaia Ezpeldoi, Diego Lazkano, Nagore Vargas, eta zuk maite (edo gorroto) dituzun beste guztiak, are oraindik ezagutzen ez dituzunak ere.

Biologia eta psikologia ezaugarriak dituzte pertsonaiek; inguru sozial, ekonomiko, geografiko batean kokatuta datoz, lurralde batean, komunitate batean; kooperazioan eta gatazkan jarduten dute, historiako une labur batean, munduko txoko batean, ahalen eta ezinen arteko kinkan.

Gizon-emakumeen esperientziak, beren iraganaren erregistroa, gaur egungo bizi kondizioa, etorkizunerako itxaropenak aletzen ditu literaturak.

Nolakoak ote dira gure nobeletako protagonistak? Mitografia horren deskribapena egingo ahal du norbaitek! Non bizi diren, norekin egiten dituzten tratuak, zeri buruz eta nola mintzo diren, zertan diharduten, zer arazo duten, nor maite duten, zein asmo dauzkaten.

Bizimoduengatik.

Jendearen ametsak eta desirak kontatzeaz arduratzen da literatura. Pozak, kezkak, aurkikuntzak, komunikatzeko formak, trukeak, helburuak. Kooperazio zailtasunak, inbidiak, ikarak, ahaleginak, lorpenak, derrotak. Egiteko erak eta egoteko jarrerak: elkarren arteko antolamendu bat, borroka eta traizio batzuk, kultura bat.

Bizitzeko moduen ikerketa, kritika, edergintza obratzen du literaturak, pertsonaien ekintzen eta elkarrizketen bidez, sentipenak eta pentsamenduak islatzez, dialektikak eta metaforak jokoan jartzez. Portaeren motiboak erakutsi arau, gizon-emakumeen irudiekin eta esperientziekin gure kontzientzian eragin bat probokatzen dute idazleek. Gure imajinazioa eta desirak asaldatzen dituzte.

Keinuez eta solasez gure bizitzak jokatzen dituzte pertsonaiek, eta geure buruak definitu ere bai bidenabar: identitatea, une historikoa, rol soziala, xede kolektiboak, krisi psikologikoa, kezka sinbolikoak, objektu praktikoak, dialogo politikoa, boterekeriari kritika, alternatiba aukerak, ziurgabetasun existentziala, zalantza emozionalak, bulkada estetikoa, garapen intelektuala, maitasun grina.

Jolasarengatik.

Poetak, idazleak, kantariak, aktoreak... gure kontzientziaren eta inkontzientearen historiografoak dira.

Denboran, memorian eta kulturan irauten duten pertsonaiak asmatzen eta gorpuzten dituzte. Eta aldi berean, garai bakoitzean gure mintzoa, hizkuntza, sintaxia, signoak nolakoak izan diren erakusten digute: gure beldurrak eta gure desirak hitzetara eta ekintzetara ekarriak.

Narratzailea izan liteke: pertsonaia nagusia bera, edo lekuko bat, edo gertakariez aparteko ahots bat. Baina kontalaria da gidari nagusia: abiatuko eta antolatuko du istorioa, agertuko eta ezkutatuko ditu pertsonaiak, hitza emango edo kenduko die, mintzaera propioak egokituko dizkie, iradokiko dizkigu pentsamenduen eta sentimenduen bulkadak, bizkortuko edo motelduko ditu akzioak, erabilaraziko dizkie objektuak, bihurrituko eta askatuko ditu korapiloak, garatuko ditu ideiak eta estetika bat.

Konfiantza izaten dugu, kontalariak benetan jardungo duela beti, egiaren antzeko pasadizoak azalduko dizkigula, logikaren baten barruan sinesgarria egingo zaigula fikzioa, nahiz eta kontaketa berdin egin dezakeen gezurrez, amarruz, fede txarrez. Edozein dela jolasa, derrigorrezkoa da irakurleok konplizitate mailaren batez konektatzea narratzailearekin, honen eskutik egingo baitugu bidaia kontatuaren harian edo testuaren traman.

Zientziak eta ekuazioak jolas daitezke neutralak izan nahi izatera. Literatura ez, ordea. Gizakiaren baitan bizien dagoen eta borrokan diharduen hartaz arduratzen da idazlea..

Denborarengatik.

Atsekabetu egiten gaitu iraganak, harritu orainak, ikaratu geroak. Denboraren kaptura da kontakizuna, esaldien kadentziaz harrapatua.

Askotarikoak dira denboraren formak: dilatatu egin liteke, luzatu edo laburtu, azkartu edo moteldu, ordenatu edo nahasi, barreiatu, eliditu. Elastikotasuna du denborak, malgua eta plastikoa dela dirudi. Zenbat eta luzeago iraun edozerk (eztabaidak, maitasunak, gorrotoak, festak, lasterketak, konfliktoak, kontakizunak), orduan eta urrunago amaiera.

Xaman bat da kontalaria; hark lortuko du (edo ez) pertsonaiak izan ditzan mitoaren gorputza eta kategoria; baina, batez ere, lortuko du irakurlearen arretari eustea, atsegin suerte bat ematea, suspentse eta duda era ezberdinekin.

Zer egiten du sintaxiak frase batean?: denbora menderatu, harrapatu, iradoki, definitu, iragarri, erakutsi, salatu. Sintaxian ote daude denboraren kaptura eta erritmoaren sekretua?

Estiloarengatik.

Estilo kontu bat da literatura.

Psikologia eta fisiologia, zientzia matematikoak eta soziologia, biologia eta politika, musika eta plastika, teknologia eta poesia, ekonomia eta kalegorria..., jakintza askotariko hizkerak baliatzen dituzte narratzaileek.

Eta lineala da kontakizuna: esaldi bati segitzen dio besteak, aurrekoak baldintzatu egiten du ondorengoa, elkarren ondoan osatzen dira. Josiz eta ehunduz hedatzen da kontakizunaren testua edo oihala: jantzia.

Estiloa du jantziak, testua du estiloak. Linealtasunez albaintzen hasi den hori, pixkanaka, geometrikoki konposatzera heldu da; eta orain egitura, tamaina, bolumena eta itxura dauzka: irudia, gorputza; eta denborazko espazio bat, memoriazko bizitza bat, zirrara estetikoa, organikoa bihurtutako ideia.

Zalantza da: formak jantzi behar du gorputza?, edo gorputzari egokitu behar zaio forma?; zenbat airez, zein kontrastez, zein neurritan? Beharbada horretan datza literaturaren sekretuaren abentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.