Ekonomialaria

Zenbat da asko? Zenbat da nahikoa?

2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Zer da injustuagoa? Enpresa handi bateko goi zuzendari batek bere konpainiako langileen batez besteko soldata halako ehun jasotzea, ala nik, arlo materialean ondo bizi naizen honek, hurbil bizi diren zenbaiten ordainsaria halako bi izatea, kontuan izanik pertsona horien soldatak ez duela modurik ematen bizimodu asebetegarri baterako baldintza materialak eskuratzeko?

Edo, bestela esanda, zer da injustuagoa: nire nagusiak nik halako ehun irabaztea, ala nik nire bizilagunak halako bi irabaztea? Pentsaturik, noski, denok dugula lanaldi normal bat. Edo bestela baina oso antzera galdetuta: ingurune berean familia batzuk ehun aldiz aberatsagoak izatea, ala beste familia batzuek guk dugunaren erdiarekin bizi behar izatea?

Gutxi batzuek halako errentak izatea desberdinkeria izugarri baten erakusgarria da, baina ohitu egin gara horretara. Niri kezkagarriagoa iruditzen zait gizarte baten ongizatearen oinarria izatea zer-eta ontzat jotzea laguntza sozial batzuk, herritarrik behartsuenak pobrezia gorriaren atarian uzten dituztenak.

Ez naiz igualitarista. Dudan esperientziagatik, ontzat jotzen dut errenta ezberdinak ordaintzea segun eta zer lan egiten den, zer kualifikazio behar den lan horiek egiteko eta zer-nolako eskaria dagoen. Enpresa batek kualifikazio oso handiko zuzendariak kontratatu behar baditu, bere konpainiako batez besteko soldata halako hiru, bost edo hamar ordaindu beharko die ezinbestean. Dagoena dago, merkatua da, halakoxe gogorra, halakoxe sinplea. Ni ez naiz gai muga bat jartzeko, kooperatibek hasieran aipatzen zuten 1-3 ratio hartatik urrundurik jada.

Baina zehaztu beharko dugu, bada, mugaren bat. Ezin diogu ez ikusi egin. Konpainia bateko batez besteko soldataren eta soldatarik handienaren arteko ratioa, gaur egun, 1-100 edo 1-200 da. Enpresa kotizatuak halako datuak ematen ari dira egunotan beren urteroko memorietan, eta ratio hori gero eta handiagoa da urterik urte. Hori larria da, oso larria, eta agerian uzten du ekitate unibertsalaren sen oro galdua dugula gure garai honetan.

Ez da zilegi ordainsari guztiz neurrigabea kobratzea; askotan, gainera, zuzendariak berak ezartzen dio bere buruari soldata hori. Beti izango du argudioren bat erabaki hori arrazoitzeko, ezen ez justifikatzeko. Zorionez, zerga sistema progresiboek hein handi samarrean txikitzen dute arrakala, baldin eta, jakina, zuzendari horiek ez badute zerga ihesbiderik baliatzen. Eta diru sarrera hain handiak izatearen gaineko galdera moral hori beste galdera batekin osatu beharra dago: ea halako ordainsari bat jasotzen duenak sozialki zenbaterainoko arduraz erabiltzen duen bere errenten gehiegia. Izan ere, maiz, kontua ez da erantzutea zenbat irabazten duzun, baizik eta zertarako erabiltzen diren diru sarrera horiek, hots, ea xahutu egiten diren edo, kontrara, zerbait baliagarria egiteko eta errentak modu arrazoizkoan banatzeko erabiltzen diren.

Nolanahi ere, enpresetako soldatarik apalenei erreparatzen badiegu, aipatu dugun ratio hori areago bihurtzen da kezkagarria. Izan ere, enpresa normal batean inork ez luke irabazi behar lasai samar bizitzeko behar duen baino gutxiago. Eta ez naiz pozik geldituko gogoeta horiek ez baditut osatzen datu zehatzak emanez, inguruabar jakin bati egokiturik: 2024ko Euskadiko inguruabarrari, alegia.

Nire ustez, kooperatiben munduko ordainsarien erregimena da gure garairako eta lekurako egokientzat jotzen dudan ereduari gehien hurbiltzen zaiona. Kide kooperatibistarik apalenaren eta zuzendariaren artean 1-3 ratioa egotearen inguruko hasierako eztabaida haiek gaindituta, tarte zabalagoa onar dezakegu gaur egun: 1-6. Eta 1-10 ontzat jotzera ere ausartuko nintzateke. Asko al da hori? Bai, baina ezin dugu ahaztu merkatu jakin bat eta arau jakin batzuk ditugula, eta lana merkatu horren parte dela, nahiz eta ez dugun merkantziatzat jo nahi, ez baita. Gehiegi al da konpainia handi bateko zuzendari exekutiboak, presidente-zuzendari nagusiak edo zuzendariak urtean 300.000 euro gordin irabaztea? Asko al da? Bai. Baina konpara ezazu enpresa kotizatuetako buruzagiek irabazten dutenarekin, egun hauetan urteroko kontuen formulazioetan argitaratzen ari diren datuekin: ez zaizu hainbeste irudituko.

Nire ustean, gure eredu sozialerako larriagoa da gutxien irabazten duten langileek —azpikontratetakoak barne— nahikoa ez irabaztea. Eta zenbat da nahikoa? Sekula ez ginateke kalkulu horretan ados jarriko, baina, atrebentziaz, zenbaki bat emango dut: urtean 25.000-30.000 euro gordin.

Egia da hortik ateratzen den ratioa (300.000/25.000) 1/12 dela, baina, zerga sistema egoki aplikatuz gero, geratzen den kopuru garbiak murriztu egiten du arrakala: 1-8, edo txikiagoa.

Beste kontu bat dira sektore publikoko soldatak. Euskadin, goi kargudun batek ez du urtean 100.000 euro gordin baino gehiago irabazten. Administrazio publikoan ari den langile batek, berriz, 20.000-25.000 euro irabazten ditu gutxienez, salbuespenak salbuespen. Ratio gordina, beraz, 1-5 da, eta, zergak kontuan hartuta, 1-4. Arrazoizkoa iruditzen zait, nahiz eta askotan ez den nahikoa behetik, eta gutxi batzuetan ezta goitik ere. Baina, halakoetan, dilema gehiago da ea goi kargudun batzuen kualifikazioa bat datorren haien soldatarekin, edo, bestela esanda, ea lan merkatuan soldata hori izango luketen.

Erredakzioan itzulia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.