Manex Mantxola Urrate.
ELE

Zenbat balio du gorputz batek?

2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Abuztu honetan bost langile hil dira lanean Euskal Herrian, urtea hasi zenetik 52, bost egunetik bat. Gehitu behar zaizkie, Europako datuen arabera, lanean hildako langile bakoitzeko lanak eragindako gaitzengatik hiltzen diren hemezortzi; beraz, 936. Baina triskantza ez da hor amaitzen, urtero ehun mila lan-istripu inguru izaten baitira gurean. Nahiz eta balitekeen lan-istripu hitza ez izatea egokiena, istripu hitzak ardurarik eza adierazten baitu, hots, inpunitatea.

Sumindura bila morboari bide eginez, bizirauteko gure gorputzak saldu behar ditugunok, hauei ematen zaien balioa ezagutu beharra daukagu. Denak baitauka prezio bat eta gurea legeak ezartzen du. Lanean belarri bat galtzeak 1.800 euroko kalte-ordaina dauka; biak galduz gero, 3.830. Zakilaren galera 6.810, bi obarioena 6.380. Sudurra da garestien ordaintzen dena, 7.940. Aldiz, legetik haratago, egiazko merkatu librean, umetoki bat bederatzi hilabetez aloka daiteke 60.000 eurotan. Tira, umetokia ez, pertsona bat alokatzen da eta beste bat erosi. Bide beretik doaz prostituzioa zein paperik gabeko etxeko langileen kasua. Legeak prekaritatea zilegiztatzen badu, ilegalitateak esklabotza.

Konparaketa maltzur bat egite aldera, erromatar garaiko esklabo batek 120.000 euro balioko lituzke egun. Baina esklabo merkeena bere burua mantendu behar duena da, hondatzen bada edo eragozpenik emanez gero ordezkagarria dena. Horra kapitalaren berrikuntza: errentagarriagoa da gorputzak alokatzea, erostea baino. Soldatapeko lana baita historiako prostituziorik zaharrena. Eta erregulazioaren alde lan egin behar dela sinetsi arren, abolizioa da bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.