Urte luzeetan salatu da gure herrian ETArekin lotutako akusatu asko kondenatzeko argudio bakarra, izan kide edo kolaboratzaile, izan dela atxiloaldian inkomunikatuta poliziaren aurrean egindako autoinkulpazioa. Autoinkulpazioa, edota delituaren egilea beste bat dela esatea. Goiko esaldian, aditz formarik egokiena, kasu gehienetan, egindako baino errealagoa da eginarazitako.
Gertatu izan da deliturik egin ez duena kartzelan egotea urte batzuetan zigortuta, benetan delitua egin zuenak berak egin zuela aitortu zuen arte.
Askotan esan izan dut, publikoan ere bai, oso ikerketa interesgarria izan litekeela zigor zuzenbideko ikasleentzat aztertzea ETArekin lotuta zigortutako zenbat preso egon diren kartzelan, haiek delituarekin lotzeko arrazoi bakarra polizia etxean egindako autoinkulpazioa izanda. Ez lekukorik, ez bideorik, ez entzuketarik, ez DNA frogarik... Asko, dudarik gabe.
Azken urteotan, ez oso maiz, gertatu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuek akusatua absolbitzea haren aukako elementu bakarra autoinkulpazioa zelako; sententzian garbi adierazita magistratuek bateraezinak direla inkomunikazioa eta berme judiziala. Alegia, polizia etxean egindako aitorpena ez badu akusatuak epaiketan berresten, ukatzen badu, epaiketan esandakoa nagusitzen zaiola inkomunikazio egoeran egindako autoinkulpazioari.
Bide bertsutik jo zuen urtarrilean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Xabier Atristain atxilotuari ukatu egin zion poliziak, epailearen baimenarekin bide batez esanda, konfiantzako abokatuarekin egitea deklarazioa polizia etxean. Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi zuen urratu egin zutela Atristainen eskubidea, eta zigortu egin zuen, beste behin, Espainiako Erresuma. Europako magistratuen ebazpena beteta, aske utzi zuen Atristain otsailean Auzitegi Nazionalak. Auzia Auzitegi Gorenean dago orain, eta erabat libre utzi edo epaiketa errepikatzea erabaki beharko du. Zenbat Atristain egon dira azken mende erdian?
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Zenbat Atristain?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu