Espainia eta Kataluniako gatazkaren konponbidea auzitegietan egotea kezkagarria bezain ohikoa da. Bertze behin mendekuak eraitsi du justizia, eta Kataluniako preso independentisten espetxe baimenen kontrako kolpe bikoitzarekin, geroz eta zailagoa da Pedro Sanchezek agindutako eztabaidaren bidea sinestea. Hirugarren gradua eta 100.2 artikuluaren bitartez buruzagi independentistek espetxetik ateratzeko zuten eskubidea indargabetuta, aurrekari beltza jartzen du berriro ere Espainiako fiskaltzak.
Hainbertzetan gertatu izan den bezala, gainera, Espainiako botere judizialaren inpartzialtasuna agerian gelditu da bi albisteren bitartez: duela hiru urtetik espetxeratuta dauden Junqueras, Forcadell, Romeva, Forn, Sanchez eta Cuixart espetxetik ateratzeko eskubiderik gabe gelditu ziren, 2014ko otsailaren 6an Samba, Daouda, Armand, Yves, Larios, Ousmane, Keita, Roger Chimie, Blaise, Youssouf, Jeannot, Oumarou eta Luc iheslariak gomazko pilotekin eta ke poteekin erail zituzten Guardia Zibilak absolbitu zituzten egun berean.
Ez hori bakarrik, 100.2 artikuluari esker kartzeletatik atera ahal izan ziren presoen artean daude, hain zuzen ere, Jordi Pujol Kataluniako Presidente ohiaren semea, Oriol Pujol, eta Iñaki Urdangarin. Baina Espainiar Estatuan lehen eta bigarren mailako delituak daudela badakigu, eta Auzitegi Gorenari kezkagarriagoa zaio «desafio independentista» ustelkeria baino. Espainiako auzitegien izaera politiko eta errepresiboa agerian da bertze behin, eta «koalizio progresistak» ausardiaz jokatu beharko luke botere judiziala behingoz eraldatzeko; presoak dauden bitartean, nekez konponduko baita arazoa errotik.
MELE
Zapaldutako eskubideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu