Oier Aranzabal.
ELE

Zalantza

2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Nire bi urteko alabak galderak egiten ikasi berri du. Duda handi batean bizi da. Eta ez dago bere erantzun gosea aseko duenik. Une oro darabilkigu inguruan zilintzi-zalantza. Esaldi edo azalpen oinarrizkoenari ere galdera berri bat bilatzen dio. Inozentzia deitzen zaio.

Eta zer pentsatua eman dit kontuak, izan ere, bada denbora bat galdera gutxi egiten dizkiodana nire buruari. Aspaldi da hemengo edo hango erantzunak ontzat hartzen ditudana, eta haiekin konformatzen naiz alaba ez bezala. Ez ote da hori zahartzen eta mantsotzen ari zaren frogarik behinena? Erantzun zaharrak sinetsi eta defendatzeari ekiten diozun unea, galdera berriak bilatu beharrean. Eta bai, esan dezakezu zure defentsan lehen baino jakintsuagoa zarelako dela hori, aitzitik, badakizu gezurra dela. Baina zer demontre, ohituak gaude txintik esan gabe gezurrak sinistera.

Zalantzak beldurra ematen digu, ahuldadea da. Ziurtasuna bilatzen dugu desesperazioz, lasaigarria. Askoz hobea da segurra, nahiz eta gezurra izan. Edo ez. Duela hilabete batzuk maskara gabe genbiltzan kaletik, eta esan zitzaigun ez zela beharrezkoa. Orain esan zaigu maskara jantzi behar dela kalean. Maulen, ordea, leku itxietan ez bazabiltza, ez da maskararik eraman behar. Eta halaxe obeditzen dugu, sortu diren COVID-19aren agerraldi berrien ardura gazteena dela sinetsi dugun era berean.

Gazteei errua bota beharrean, hobe genuke agian galderak egiten ikasi berriz. Ziurtasunak eraitsi. Hizki bakarrekoa baita inozentetik inuzentera dagoen tartea. Ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.