Aurrekarietan jartzeko, Maria eta Vicent, nahiz eta zuen irakurle askok ondo ezagutu duten Zabalza auzia: Mikel Zabalza Donostiako udal autobusetako gidari nafarra 1985eko azaroan atxilotu zuen Guardia Zibilak ETAren aurkako operazioa batean. Ez dago dudarik Intxaurrondoko guardia zibilek torturatuta hil zutela.
Atxilotu eta gutxira, Guardia Zibilak esan zuen Bidasoa ibaiaren inguruko zulo bat ikustera zeramatenean ihes egin zuela, errekara salto eginda, eta haren arrastoa galdu egin zutela. Urpekariek askotan miratu zuten erreka zatian agertu zen Zabalzaren gorpua, atxilotu eta hogei egunetara. Inork ez zuen bertsio ofiziala sinetsi, ez orduan eta ez orain. Sinestezina zen.
Duela gutxi Guardia Zibilaren jeneral izendatu duten Arturo Espejo, Zabalzaren atxiloketaren operazioaren instruktorea izan zen, alegia, Zabalzarekin egon ziren guardia zibilen arduradun zuzena, eta Zabalzari gertatutakoaren erantzule judiziala. Asteon, izendapen horregatik kontuak eskatu dizkiote Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskari EAJk eta Geroa Baik.
Izendapen hori zuritzeko argudio ezean, Marlaskak, aurreko Barne ministroek torturez edo gerra zikinez galdetzen zieten aldiro erabiltzen zuten ihesbide bera, letra bat ere aldatu gabe, erabili zuen: ez dago auzipetuta.
Enblematikoa da Zabalza auzia, osagarri guztiak dauzkalako. Tortura, ukapena eta gezurra, sinesgaitza den bertsio bat, gorpu bat agertzea errekan, eta benetan zer eta nola gertatu zen jakin ez dezagun egia estaltzen duen sekretu ofizialen harlauza astuna.
Kontzeptu antagoniko eta bateraezinak dira demokrazia eta estatu sekretuak. Berez, delituak ezkutatu eta haien egileak justiziatik babesteko tresna da, estatuaren estoldetan dabiltzanei kontuak ez eskatzeko. Mikel Zabalzaren senideek eskubidea daukate jazo zena xehetasunez jakiteko, eta badakigu non dagoen informazioa. Zabalzarena sozialistak gobernuan zeudela gertatu zen, eta sozialistek desklasifikatu behar dituzte paperok.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Zabalza eta Marlaskaren lotsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu