Gure Eskola Kirolaren ereduak aurten 25 urte bete ditu. Urteurrena dela eta, aitzakia polita dugu atzeraka begirada bat bota eta gogoeta eginda aurreranzko ildoak zehazteko.
Tradizionalki haurrekin piramidearen eredua landu izan da, hau da: adin txikikoenen artean ahalik eta kopuru handienera iritsi, gero adinean aurrera doazen neurrian maila gorenekoak bakarrik aukeratu eliterako prestatzeko eta besteak bidean baztertuz joateko. Helburu eta irteera bakarra bikaintasuna litzateke, estatistikoki gehiengo zabalarentzat ezinezkoa. Antolaketa honek helduen goi-mailako eredua mimetikoki errepikatzen du haurren artean ere. Ondorio gisa nerabezarotik aurrera askok uzten dute kirol jarduera.
XXI. mendeko testuinguruan kokatuz, ordea, badirudi helburuak birplanteatu egin beharko genituzkeela: haurraren osotasunezko garapenari laguntzea, ohitura osasuntsuak sustatzea etorkizunean jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten, kideen arteko harremanak sendotzea, balioak lantzea, motrizitatearen oinarriak finkatzea (gerora kirol desberdinetan sakondu ahal izateko)... hain zuzen ere, Kirolaren Euskal Legeak jasotzen dituen helburuak.
Helburu horiek lortze aldera EAEn dugun antolaketa berezi honek ezaugarri batzuk ditu: guztien parte hartzea ahalbidetzen du (unibertsala da), helburu hezitzailea du, ikastetxeek kudeatzen dute (aurreko bi ezaugarriak bermatu ahal izateko), multikirolean oinarrituta dago, haurtzaroan denetik ikas dezatela gero edozein jardueratara egokitu ahal izateko, udalekin hitzarmenak sinatzen dira instalazioak eta finantzaketa lotzeko, lehiaketaz gain jarduera desberdin gehiago ere eskaintzen dira (hastapeneko ikastaroak, aisialdira bideratutako proposamenak)...
Adin hauetan garrantzitsua da gozatzea (gero jarraitu nahi izateko) eta ikastea (ondoren errendimenduan jarraitu ahal izateko), eta ez momentuko emaitza eta arrakastara soilik bideratzea.
Mende laurden honetan jasotako ebidentziek erakutsi dute eredu honi esker helduen artean jarduera fisikoetan parte hartze handiagoa dugula inguruko erkidegoetan baino; eta modalitate desberdinetako goi errendimenduan dugun presentzia Estatu mailako handienetakoa dugula.
Zuhaitzaren eredu honek, haurtzaroan denek elkarrekin oinarrizko trebetasun motorrak landuz eta geroago adar desberdinetan espezializatuz, bermatzen du: batetik, herritarren gehiengoak helduaroan jarduera fisikoa praktikatzen jarraitzea eta, bestetik, gaitasuna dutenek goi mailarako zubi lana egina izatea.
Azkenaldian hainbat esperientzia berritzaile ari zaizkigu sortzen eskualde desberdinetan: Zumardi egitasmoa (natur eremuko kirolen bidez heziz Tolosan), EKAP sailkapenik gabeko kirol jarduerak (www.eskolakirola.com), inklusibotasuna ardatz dutenak, sailkapenerako euskararen erabilpen maila ere kontuan hartzen dituzten sistemak, parekidetasuna bultzatzen dutenak, kiroltasuna puntuatzen dutenak,kirol minoritarioak sustatzeko jarduerak...
Espero dezagun garaira egokituz, gutxi batzuen errendimendura soilik mugatu gabe, herritar guztien heziketa, osasuna eta bizi kalitatea hobetzera zuzendutako eredu baten aldeko apustua egin dezagula. Biharko herritarrek eskertuko digute.
XXI. menderako eskola kirola?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu