Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Valls

2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Manuel Valls Bartzelonako alkate izateko aurkeztea maniobra politiko bitxia da, historiako bitxienetako bat. Teorian, Ciudadanosen izenean aurkeztekoa zen Frantziako lehen ministro ohia, alkatetza unionismoaren eskuetan jartzeko. PPk hautagai ezezagun bat aurkeztu du: udaletik kanpo geratuko da seguruenik; beraz, bazirudien Vallsek batuko zituela eskuinaren botoak, eta, horri esker, agian lehiatu ahal izango zela aurrena izateko, nahiz eta gutxiengo eskas batekin aritu. Baina Vox agertu izanak arriskuan jar lezake maniobra hori, plan horiek zapuzturik.

Ciudadanos oso oreka zailean ibili da Andaluziako gobernu hitzarmenaren kontu horretan. Saiatu da ikusarazten PPrekin egin duela ituna, baina Vox hortik kanpo geratu dela, nahiz eta begien bistan dagoen Vox hitzarmenaren parte dela, eta parte ezinbestekoa, gainera. Espainiako eskuinak ez du batere arazorik izan eskuin muturrarekin berehala ados jartzeko; Europan itun horren berri zabaldu denean, ordea, kontua asko korapilatu da, batez ere Ciudadanosentzat. Izan ere, liberalek, hau da, teorian Ciudadanos parte den taldekoek, sutsu defendatzen dute eskuin muturraren kontrako babes hesia. Eta, hortaz, haiei ez dago esplikatzerik nolatan egin den Andaluziako hitzarmena. Valls bera ere sutan jarri da.

Hotsa zebilen Bartzelonan, hots handia, Valls eta Ciudadanos elkarrekin ezin moldaturik ari zirela. Gauzak muturreraino eraman ditu azken orduotan: hizketan aritu da han eta hemen, esanez ez duela ezer jakin nahi Voxekiko hitzarmen horretaz. Vallsek aurrera segituko du bere proiektuan: hori gauza segurua da. Baina haren proiektua gero eta gutxiago da Ciudadanosena, eta bataren eta besteen bideak gero eta urruntzenago ari dira, itxuraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.