Handik eta hemendik

Uztaiaren beste aldea

Imanol Murua Uria.
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
ETAren su-etena indarrean baina bake prozesua krisian zegoenean, 2006ko udan, Batasunak uko egin zion alderdi berria sortu eta legeztatzeari, negoziazioen geroa bermatu aurretik hori egitea etsaiari tanto bat ematea zelakoan; lehoia uztaian barrena pasatzen denean, txaloak hezitzailearentzat izaten baitira, ez lehoiarentzat.

Uztaia hizpide izan zuen Joxe Mari Olarrak ere, ziegan idatzitako artikulua Gara-n argitaratu zuenean, iazko irailaren 13an. Itzulpena da: «Orain arte ibili dugun bidearen ezberdina izango da [hemendik aurrerakoa]. Dudarik ez dut egiten mesfidantzaz eta baita errezeloz ere hartuko dutela abertzale leial zenbaitek; kontzientzia konprometitu batzuk akaso bere neurrian ulertuko ez dituzten pausoak emango ditugu; azkenean uztaian barrena pasatzen ari garela leporatuko digunik ere izango da. Ongi da, baina, zera galdetzen dut: eta uztaiaren beste aldean mekanismoak kontrolatzen dituen gailua baldin badago? Eta uztaiaren jabe egiteko pasatzen baldin bagara, hain zuzen, uztaian barrena?».Duela bost hilabete, astehonetakoa iragartzen ari zen Olarra.

Ezker abertzaleak erraldoiaren pausoa eman du aste honetan: Sortu sortuz, estrategia politiko-militarraren bukaera berretsi du. Pausoa guztiz koherentea da azken bi urteotan egin duen bidearekin, baina hautsi egiten du erabat 2007 bitarteko borroka moldeekin eta estrategiarekin. Ulergarriak dira Olarrak iragartzen zituen barne mesfidantzak eta errezeloak, jauzia handia baita. Beraz, zer gertatu da ezker abertzalean? Bai, jakina da: ezker abertzaleko oinarriek eztabaida sakona egin dute estrategiaz eta borrokabideez, ondorioa izan da borroka armatua eragozpen bihurtu dela gehiengoaren ustez eta, beraz, beste bat hasteko garaia etorri dela. Baina zergatik orain bai, eta lehenago ez?

Ramon Zallok iltzeari buruan eman dio. Deia-n, joan den asteazkenean: «[Legez kanporatzearen eraginak baino] Garrantzi handiagoa izan dute barne faktoreek, alegia, direnak eta ez direnak jasan behar izan dituen oinarri sendoko ildo baten indarrak, eta pazientziadun lider batzuk sustatutako barne gogoeta (mantsoa)k, zeinek, heldutasun kolektiboko prozesuekiko leialtasunagatik, ostrazismoa eta kartzela duintasunez eraman dituzten, gidaritza hartu ahal izan duten arte». Eta aurrerago: «Banguardiaren emaitza penagarriko esperimentu odoltsuak jasanez barne gehiengoak 30 urteetan izan duen pazientziak eskatzen du, esperientzia luzearen ondoren, [orain] kontrako prozesua onartzea [bide honekin ados ez daudenek], batasunaren izenean».

Beste era batera esanda: duela asko iritsi ziren batzuk ezker abertzale barruan orain plazaratu duten ondoriora, baina, indarkeriaren erabilera alde batera uzteko erabakia mugimenduaren batasuna arriskuan jarri gabe hartu beharra zegoenez, adostasun zabal hori lortu beharrak atzeratu egin du, luzaroan, armak alboratzeko erabakia. Armek hitz egin dutenean, batasunaren izenean isilik gelditu dira ados ez zirenak; eta orain, barne gehiengoak hitz egin duenez, armak isilik egon beharra daukate, batasunaren izenean.

Pilota Madrilen dago. Jakina da ageriko politikaren zati handi bat antzerki hutsa dela, eta antzerkitik izango dute PSOEko buruzagien erreakzio askotarikoek. Baina ezin jakin, noraino. Egiguren pozak zoratzen; Lopez zuhur, baina albiste onari ongi etorria ematen; Zapatero, auzia epaileek objektibotasunez ebatzi behar dutela ohartarazten; eta Rubalcaba, alderdi berria Batasunaren jarraipena dela argudiatzen.

Eman dezagun aktorerik onena Rubalcaba dela: PPren presioari aurre egin ahal izateko erabaki du Barne Ministerioak Sorturen erroldatzea geldiaraztea eta fiskaltzaren inpugnazioa sustatzea, gero Auzitegi Gorenak legeztatzen duenean, gobernuak Sorturen legeztatzean erantzukizunik ez duela argudiatu ahal izateko. Irakurketa baikorra biribiltzeko, Sortu hauteskundeetara aurkezten bada, Eusko Jaurlaritzari sostengua kendu egingo diola mehatxu egin du PPk: primerako aitzakia, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko.

Utz dezagun interpretazio ezkorra beste baterako,baikorrak ondo funtzionatzen du eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.