Kalaportutik hurbil, herri turistikoaren beste aldean, trenbidea zeharkatuta, urte askoan jai herrikoiak antolatu dituzte auzoko gazteek abuztuan: haurrentzako jolasak, herri kirolak, txaranga, bertso saioak, kontzertuak, ehunka lagun elkartzen dituen bazkaria, umorea, kolorea, eta hiru egunez festa lau haizetara. Aurten, ordea, udalak ez du baimenik eman festa betiko plazan egiteko, azken dozenaka eta dozenaka urteetan egin den lekuan, batez ere gauetan kontzertuen musikak bizilagun batzuk bereziki kaltetzen dituelakoan.
Beste nonbait, udako gauetan kalean pantaila jarri eta zine foruma antolatzen zutenek ere bertan behera utzi dute aurten ekimena, udalaren fidantza, oztopo eta baldintza berriek itota. Uztailean eman zuten azken filma. Paradisu Zinema.
Ez da herri batean soilik. Han eta hemen, herri ekimenak baldintzatzeko, kontrolpean izateko eta dena erakundeen uztaitik pasatzeko ohitura gero eta zabalagoa da. Areagotuz doa gaitza, baina ez da oraingo kontua ere.
Hogeita hiru urte igaro dira Azpeitiko saio batean Sebastian Lizasok gai hau jarri zionetik Imanol Lazkanori: «Egun bedeinkatua izan duk hiretzat gaurkoa: obran hengoela, inspektore bat etorri duk eta kaskorik ez heukalako multa bota dik. Etxera abiatu eta kotxeko gerrikoa lotu gabe ekarrelako ertzainek ere multa bota ditek». Erantzunean zorrotz aritu zen Lazkano, eta Ai gure antzinako doinua erabilita hiru bertso antologiko abestu zituen.
Legeak, aginduak eta debekuak beti batzuen mesederako arautzen direla nabarmendu zuen lehenengoan: «Agintariak beti/ goitik agintzeko (bis)/ baina ez pobrearen /kargak arintzeko./ Zer arrazoi daukate/ hola aritzeko?/ Guri beti eskatzen/ bizia zaintzeko,/ ta berak armak egin/ gizonak hiltzeko (bis)».
Agintean dagoenak dena kontrolpean eduki beharraz duen obsesioari heldu zion bigarrenean: «Hau ez gero askatu,/ ongi lotu hura (bis)/ dena kontrolatzea/ da hoien ohitura./ Dena dela guretzat/ da beti tortura,/ ez ote leike bizi/ bat bere kontura./ Gizonak zertako du/ hoinbeste lotura? (bis)».
Hirugarren bertsoan dator errematea: «Kontuz kaskoarekin/ betiko sermoia (bis)/. Kontuz kotxe barruan/ jantzi zinturoia!/ Kontuz alkoholarekin/ bestela jipoia!/ Kontuz txorta jotzean,/ ez ahaztu kondoia!/ Normal zer egin leike?/ Hau mundu kabroia! (bis)».
KALAPORTUTIK
Uztai barruan preso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu