Errusiak Ukrainaren kontra egindako erasoak gure mundua aldatuko du, Martxelo eta Maria maiteok. Eta, batik bat, gure Europa. Berlingo harresia eraitsi zutenetik, 1989tik, beste aro batean sartu ginen, eta denok uste genuen oso urrun geratzen hasia zela blokeen gerraren eta gerra nuklearraren mamua. Bat-batean, egoera zeharo irauli da, eta amaierarik inork asmatzen ez dion gatazka baten tartean gaude berriro ere. Ezer ez da berdin izango aurrerantzean.
Vladimir Putinek bizkor eta erabakitasunez jokatu du. Eta oraindik ez badakigu ere zer amaiera izango duen haren kanpainak, badirudi ezbairik gabe bere gobernuaren eskumakila bat ezarri nahi duela Kieven, edota Ukraina desagerrarazi nahi duela zuzenean. Ezinezkoa irudituagatik, borrokaldiari ekin aurretik egin zuen hitzaldi luzean, ukatu egin zuen Ukraina nazioa bera existitzen zela ere.
Gure herrialdeen ikuspegitik, herrien autodeterminazioa defendatzen dugun aldetik, konplexua da krisi hau. Donetsk eta Luhansk, beren burua errepublikatzat aldarrikatzen dutenak izaki, autodeterminazio eskubideari atxikitzen zaizkio, baina zilegi da geure artean pentsatzea ea hori ez ote den amarru hutsa. Izan ere, egiaz, ez da existitzen autodeterminazioa nahi duen «Donetskeko eta Luhanskeko herririk». Aitzitik, Errusiak muga aldatu nahi du bere alde, edo bere boterea ezarri nahi dio auzoko herriari, zeinak independentzia lortu baitzuen duela 30 urte baino gehixeago.
Horregatik, bada, Putinen erabakiak ez du zerikusi handirik autodeterminazioarekin, baina bai inperialismoarekin. Errusiaren inperialismo zaharrarekin, zeina berritzen ari baita Europa erdialdeko eta ekialdeko lurrak okupatzeko mugimendua, lehendik ere ezaguna zaiguna. Pisu handiko larrigarri eta guzti, Errusiaren jokamoldeak berekin baitakar honako uste hau: badira potentzia nagusi batzuk, halakoak direlako eta arma nuklearrak dituztelako, eta horiek eskubide berezia dute beren politikak beste nazioei ezartzeko. Eta hori ezin dute inondik inora onartu, besterik gabe, gure nazio txikiek.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Ukraina erasopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu