UGT edo 'Sunset Boulevard' sindromea

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako botere sareek hainbat modutan erantzun zieten 2015eko gobernu aldaketari eta lauren konfigurazioari: batzuek zuzenean eraso zieten eta beste batzuk jokaleku berrira egokitu ziren. Erantzun horietan, argudio ideologikoak eta Nafarroako elitearen kapital ekonomiko, politiko, sozial eta sinbolikoa mantentzeko estrategiak nahastu ziren. Eta, UGTk garrantzi handia izan du botere sare horietan, harreman etengabea izan baitu botere politiko eta ekonomikoarekin —CCOOk, berriz, jarrera anbibalentea izan du—. Are, UGTko zuzendaritzako zenbait kide UPNren hauteskunde zerrendetan aurkeztu dira, edo Nafarroako ekintza publikoetan aktiboki parte hartu dute haren alde.

Harreman horren gakoa joan den mendeko 90eko hamarkada izan zen. Orduan sortu zen, UPNren eskutik, Nafarroako hitzartze sozialaren urrezko triangelua: foru gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak eta UGT-CCOOk osatzen dute, beste sindikatu batzuk kanpoan utzita (LAB eta ELA, adibidez). 1998an, Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zen (Nafar Lansare). Gobernu kontseiluaren eta batzorde iraunkorraren osaera arautzen duen legeak bazter utzi zituen UPNren eredu sozioekonomikoarekin bat egiten ez zuten sindikatu guztiak. Ondorioetako batzuk izan ziren laguntza sistema bat jarri zela abian Nafarroako Enpresaburuen Elkargoarentzat, eta aldebiko hitzarmenak eta diru laguntzak izenpetu zirela UGTkoek eta CCOOkoek prestakuntza ikastaroak egin zitzaten 1998 eta 2015 artean. Praktikan, laguntza horiek giltzarri izan ziren bi sindikatu horien azpiegiturei eta funtzionamenduari eusteko. 2015eko martxoan ere, UPNk eta PSNk ahalegina egin zuten CENek, UGTk eta CCOOk ia milioi bat euroko diru sail bat jaso zezaten Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan parte hartu zutelako —horrez gain, aurrez ere beste diru laguntza batzuk jasotzen ari ziren—, baina ez zuten lortu.

Hortaz, ez da arraroa 2015eko aldaketa politikoa albiste txartzat hartua izatea; izan ere, a priori, zuzenean mehatxu egiten zien klientelismo sare horiei. Dena dela, oro har, ezin da esan hausturaren aldeko politikak ezaugarritu duenik Nafarroako Gobernua azken legealdian. Alderantziz: beren politiken bitartez, oreka bilatzen saiatu dira bi alderen artean: batetik, foru erkidegoko interes talde nagusien presioak zeuden (Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoa eta abar), eta, bestetik, programa akordioan adostutakoa eta gobernukideen exijentziak. Politika erreformista horren helburua zen Nafarroako Gobernuaren inguruan dagoen botere sare informala ordenatzea eta argitzea, eta beharrezkoa izan zen mahaian kolpe batzuk jotzea.

Euskararen inguruko polemikan antzematen da sindikatu horrek azken urteetan izandako botere galera. Hauteskunde sindikalen emaitzei erreparatuta, ikus daiteke UGTren aldeko botoak beherantz doazela, eta UGTk, ELAk eta CCOOk bi punturen aldea soilik izan dutela aurtengo hauteskundeetan —nahiz eta UGTren gotorlekua den oraindik Nafarroako Volkswageneko langile batzordean—. Baina foru administrazioan are okerrago dago, zazpigarren sindikatua baita boto kopurua kontuan hartuta (funtzionarioen botoen %7,4 eta lan kontratudunen botoen %9,3). Sunset Boulevard-en (Billy Wilder, 1950) Gloria Swansoni gertatzen zitzaion bezala, badirudi UGTk boterea, loria eta pribilegioak zitueneko garai zaharretara itzuli nahi duela. Kontua da horretarako bizirik irautea lortu behar duela, eta, bide horretan, Nafarroako langile klasearen benetako arazoak gutxienekoa dira.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.