Iñigo Aranbarri.

Ubedatik

2024ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Ez zidan grazia pitorik egin. Bada urte parrasta bat Carlos Iturgaitzen tturtturrak ez didala irribarre txikiena loratzen. Ezta oraingoan ere, ETB1eko eztabaidan Pernando Barrenari, zezelka, arrapostu eman zionean «Ubedatik cerrotik joan zara, Ubetik!».

Errukarria zaidala esatera nindoan, denon zirto artean beti, hain abandonatua alderditik bertatik, zakur amorratu artera botea gizona hedabideek euskaldun bat eskatzen duten aldiro. Eta nola ez dakidala, gaztetan ezagututako jendea agertu zait gogoaren plaza-kaleetan. Iturgaitzen ideologiako gizon-emakumeak, gerra irabazi eta frankismopean karguak izanikoak… euskaldunak guztiak, eta asko, gazteleraz motz. Gomutan dut hirira joan eta zein zaila egiten zitzaion ulertzea hainbati, euskaraz nekez berak, bazela euskaradun jenderik piperpotoa baino espainolago sentitzen zena. Beste bat zuten ekuazioa.

Horra arnasguneetako panorama, denboraren ibiliak hainbeste moldatu duena non zaila egiten baita lauso artetik ateratzea. Euskaldun jendea, baina euskara noranahikoaren kontrako; herrian bai, baina herritik kanpoko politikan ez erabiltzearen aldeko. Alderdi Popularrak izan du modurik hedabideetan euskaraz duin aritzeko. Batzuk herrian ito, besteek ikasi ez… horra ondorioa, pailazo bihurtu dugun politikaria, euskaraz orain hogei urte bezain baldarra eta gazteleraz hobea ez dena.

Baina beldur naiz, Iturgaitzen lepotik karkaraz gabiltzalarik (ez dezagun umorerako bidea ere gal!), ez ote garen ari gertuagoko hamaika politikariren gabeziak gordetzen. Ez ote den denoi komeni zaigun txorimalo bat, euskarak politikan duen itzal negargarriaz aritu beharrean, Ubedatik cerroetatik joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.