martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Txaparen kontraesanak

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen Nazioarteko Eguna izaten da abenduaren 3a. Aurten, gainera, bat egin du Euskaraldia esaten diogun ekimenarekin, erakunde publikoek eta gizarte taldeek elkarlanean euskararen erabilerari bultzada emateko helburuarekin antolatua. Labur esanda, leku faltak behartuta: bi talde nagusi bereizten dira; batetik, hitz egiten badakitenak eta, bestetik, ulertzeko gai direnak baina hitz egitera iritsi gabe. Talde batek ezpainak erakusten ditu paparrean daraman txapan, eta belarria besteak. Ideia da solaskidearen aurrean identifikatzea.

2018an hasita, bi urtetik behin egiten da, eta aurtengoa hirugarrena da. Hamabost eguneko iraupena du ekimenak, bi urtetik behin. Esan gabe doa txapa paparrean jartzea baino askoz gehiago egiten dela egun horietan, ekitaldiak antolatzen dira batean eta bestean.

Kanpainan buru-belarri lanean ari direnei zor zaien ezagutzarekin esanda, kezka eduki dut beti kanpainaren intentsitatearekin, kosta egiten baitzait ondorioztatzea bi urtetik behingo hamabost egun horietan asko aurrera daitekeenik. Bistan da tokian tokiko errealitate desberdinak daudela, baina euskara oso egoera minoritarioan dagoen lekuetan ere, zer lor liteke intentsitate horrekin?

Ba ote dago aktibitaterik gure bizitzan bi urtetik behin bi astez arituta aurrerapen dezentekoa lor dezakeenik? Ikasketetan, kirolean, jardun profesionalean...

Kanpaina arrakastatsua izan dadin, paparrean belarriaren txapa daramatenak —ulertu bai, baina hitz egin ez— euskara ikasten jartzea da giltzarri ezinbestekoa eta, egia aitortuta, zaila. Bestela, fosiltzeko arriskua daukagu. Eta hizkuntza bat serioski ikasteko erabakia hartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Euskaltegi batean, sarean, mintzalagun gisa... biderik ez da falta. Darabilgun intentsitatea, ordea, nahikoa al da helburua lortzeko?

Badakit, Maria eta Vicent, zuen herrialdeetan ere aspaldi piztu zirela zuen hizkuntzen egoeraren argi gorriak. Oso zabalduta dago kezka hori gure herrietako adituen artean.Aurrerapen handiak egin ditugu kualitatiboki, herren gabiltza kuantitatiboki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.