Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Turisten antzera

2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Lankide batek aurrekoan, seme-alabak oporraldian nora zihoazen galdetzen hasi zitzaizkiola aipatu zidan. Eta beraien harridurarako, lehen sasoia behintzat, etxean igaroko zutela erantzun omen zien, oporrak izan eta bidaiatzeko erabakia hartzea banandu ezinezko bi kontzeptu ez zirela azalduaz. Hemen, etxe inguruan, elkarrekin kalitatezko denbora izateko aukera izango zutela. Eta egiaz, egunerokotasunean egiten ez diren txango eta bestelako aukeren iruditegia lozorrotik esnatzen hasteko amu bikaina iruditu zitzaidan.

Ez dakit nire gauza ote den, baina gauza soil eta sinpleenekin disfrutatzen jakiteari balioa kendu diogula pentsatzen hasia naiz. Edo hobe esanda, ez dakit egunerokotasunean hainbeste alboratu eta egun jakin batzuetan bakarrik kontzentratzeaz, ez ote zaigun ahaztu ere egin.

Milaka kilometrora kokatzen diren kala zuri eta ur garden turkesadunen dirdira, aintziradun mendilerro zorrotz eta ezezagunen nagusitasuna, oihal eta janari koloretsuak, zapore eta hizkuntza berriak... aise irudikatzen ditugu udako oporraldiak gozatzeko. Turista multzoetatik ihesi hanka egin nahi izaten dugu urrun, gu geu beste leku lasaiago edo ustez ederrago batean turista hobeak izateko. Eta orduan bai, burua eta begirada altxatuta, eraikin ororen estetikari erreparatzen diogu. Leihoak, ateak, horma harritsuak... bereziak iruditzen zaizkigu. Grafitiak, pegatinak eta leloak ederrak eta argazkitan atzemateko modukoak. Edozein erreka-zulo eta belardi, arratsalderako gotorleku paregabe.

Beraz, opor egunak heltzeko egutegia marratzen ari naizen bitartean, dagoeneko kanpoan bezain turista gisa bizitzeko erronkari heldu nahi nioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.