Joan den larunbateko Bilbon eta Baionan entzun ziren oinen taupadek —taupadak diot, bai, bihotzetan zeramatenarekin bat mugitzen baitziren bertako kaleak bete zituzten milaka eta milaka lagunak— oihartzun handia utzi dute. Denborak esango du, baina, ziur aski, uste genuen baino urrunago iritsiko dena. Eta hori itxaropentsua da. Senideen atzean zihoan pankartan lagun oso ezberdinen presentzia Sarek beti aldarrikatu duen norabidean pauso garrantzitsu bat izan da. Azken finean, euskal jendarte bezala konponbidea eta bakea modu integral eta sendo batean lortu nahi badugu, ezberdinen arteko elkar ulertze zein indar metaketa ezinbestekoa da.
Baina jatorri ezberdinetako pertsonak elkarrekin ibiltzea ez da egun bateko kontua. Eguneroko ahaleginen ondorioa da; eta islatzen du dispertsio eta espetxe politika krudelaren aurkako aldarrikapenaren esparrua zabaltzen doala. Pixkanaka, preso eta iheslarien egoerari erantzun egokia eman gabe benetako bakea eta elkarbizitza ez direla lortuko ulertzen da euskal jendartearen arlo ezberdinetan.
Baina, nola lortu? Nola hurbildu hain beharrezkoa zaigun eszenatoki horietara? Manifestazioetan ikusi eta sentitu zen indarra ezin da han geratu. Urtero esaten dugu jarraipena eman behar zaiola, eta urtero konturatzen gara ez dela lan erraza, behar-beharrezkoa izan arren. Horregatik, Sarek proposamen berri bat egiten du aurten, giza eskubideen trenera igotzeko gonbidapena luzatuz. Bidaiarien ekipajea hartuko duten konpromisoa da. Bere ibilbidean, trena herri eta auzoetatik pasako da, bagoiak kateatzen, jatorri, lanbide, afizio, pentsaera, adin, ideologia, ikuspuntu ezberdinak dituzten lagunen izen zein konpromisoekin betez.
Urtarrilaren 11n iragarri genuenez, lanean gaude jadanik. Trenaren martxa bultzatzeko bilerak sarekideen agendetan daude, eta datozen asteotan burutuko dira lehenengo ekimenak. Horrekin batera, Europara garamatzan trenbidearen adarrean sartzen gaude; bertako instantzia ezberdinetara Gobernu zein tribunal espainolen jarreraren berri eta salaketa eramateko.
Guzti hau gertatzen da oso irekia dagoen panorama politiko orokor batean, non Estatu espainolean gauzatu daitezkeen aldaketak, hain geratuta dagoen konponbide prozesuan eragina izango dezaketen. Baina ezin dugu, ez jendarte bezala, ez Sare bezala, horren esperoan egon. Egunez egun preso eta senideen eskubideak urratzen dira; egunez egun, indarrean jarraitzen duen espetxe politikak sufrimendu berriak sortzen ditu; egunez egun, senideen zama astuna handitzen da. Ezin dugu hori gehiago onartu. Horregatik, lanari gogoz ekin behar diogu; aldaketak emango balira, bidea azkartzeko; emango ez balira ere, egoera petralari indartsu aurre egiteko.
Azken egunetako adierazpen zein berri batzuek elementu berriak txertatu dituzte gatazkaren ondorioak konpontzeko markoan.Ohikoa denez, errespetu osoz entzun etajasotzen ditu Sarek presoen eskubideen alde egiten diren proposamen guztiak. Gure norabidea marraztuta dago, eta urte hasiera honetan pauso esanguratsuak eman dira jada. Datozen hilabeteotan gehiago etorriko dira, eta, 2017an kaleetara ateratzeko beharrean baldin bageunde, milaka jarraitzaileen aniztasuna aurtengo pankartakoa bezain zabala izateko lanean jarraituko dugu.
Trena martxan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu