Tratu ona eta gardentasuna

BERRIA.
2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kooltur Ekintza taldeak zazpi denboraldi bete ditu Kooltur Ostegunak programazioarekin, eta dagoeneko zortzigarrena martxan dugu. Urritik maiatzera bitartean, ostegunero kultura ikuskizunak antolatzen ditugu Arrasateko Gaztetxean. Ia ostegun guztietan kontzertuak egiten ditugu, baina inoiz izan dugu bestelako diziplinen emanaldirik (antzerkia, magia, bakarrizketa...). Ostegunero talde bakarra eramaten dugu Gaztetxeko agertokira, beti 22:00etan puntuan hasten gara eta orain arte beti sarrera 5 eurokoa izan da. Sarreran jasotako guztia artistarentzat da, eta tabernan jasotako diruarekin soinu ekipamendua ordaintzen dugu; orain argien inbertsioarekin ari gara. Kooltur Ekintzan parte hartzen dugun guztiok lan boluntarioa egiten dugu.

Kooltur Ekintzaren helburua da Arrasaten kultura eskaintza bermatzea, eta hala dihardugu. Hasieratik pentsatu genuen bertara ekartzen ditugun musikari eta bestelako artistei merezitako tratua eman behar zaiela: emanaldietarako areto egokia, soinu eta argiteria aproposak, jatekoa, lo egiteko aukera eta, jakina, egindako lanarengatik ordaintzea. Horibermatzen ahalegintzen gara astero.

Gaztetxe baten testuinguruan sarreraren prezioak ahal den heinean merkea behar du izan, baina, era berean, ikusleak kulturaren truke ordaintzen heztearen aldekoak gara. Hala, 5 eurotan ezarri genuen sarrera, talde ezagunentzat zein proposamen berrientzat jarri ohi dugun bera; garestia ez, baina duina. Horrez gain, emanaldira oso jende gutxi etortzen bada, artistari gutxieneko diru bat ziurtatzen diogu oinarrizko gastuak estali ahal ditzan. Ikusle batzuek gutxik garestitzat dute; talde batzuek gutxik, aldiz, merkeegia, eta bada arrazoi horregatik ekarri ezin izan dugun talderik, baina eskaera-eskaintza hala da, besterik gabe.

Artista eta talde asko izan dira gurean, horietako batzuk oso ezagunak, eta gehienek errepikatu nahi izaten dute. Guk guztiei gauza bera eskaintzen diegu: tratu ona, gardentasuna, baldintza egokiak eta sarrerako dirua... Horrez gain, egia da talde bakarreko emanaldiak erosoak direla eta puntualitatea ere eskertzen dutela.

Hori azalduta, eta artistak baloratzen ote ditugun gogoetatik gertuago, nik esango nuke Kooltur Ekintzaren baitan ez baitugu horren gainean iritzirik tartekatu entzule, ikusle, kontsumitzaile eta programatzaileok ez dugula beti garbi jokatzen musikari eta bestelako artistekin, ez garela haiekin justuak izaten, alajaina.

Hain zuzen ere, aspaldiko eztabaida bat berriz hartuz, nire ustez, Euskal Herrian inbidioso eta hipokrita samarrak gara, eta, tradizioz musika taldeak idealizatuta izaten baditugu ere, haiei guk egiten ez duguna egiteko eskatzen diegu. Haien arteak edo sorkuntzak hainbeste gozamen eskaintzen badigu ere, ez dugu aintzat hartu nahi horrek atzean daukan esfortzua eta dedikazioa. Hala, beste modu batean esanda, geure buruari galdera hau egin beharko genioke: benetan onartua dugu musikariek musikaz bizitzeko eskubidea izatea? Soinu teknikariei, kontzertu programatzaileei, aretoetako kudeatzaileei... eskatzen diegu musikarien pareko konpromisoa? Ez dut uste. Saiatu gaitezen guztion artean hori duintzen eta zaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.