Pandemiak aldaketa handiak ekarriko dituela ikusi, entzun eta esan dugu. Baina badaude aldatzen ez diren eta oso ezagunak egiten zaizkigun gauzak. Iragarri digute aurrekontuak berregingo dituztela diru sarrerak nabarmen txikitu direlako. Patronala atera da jarduera ekonomikoa berpizteko ekimen pribatua diruz bustitzea eskatuz, inbertsio ekonomikoak gastu sozialen gainetik berriro. Europako Banku Zentralak gogorarazi du zorpetze publikoaren aukera zabaldu duela baina «doikuntzak» eginez zuzendu beharko dela egoera. Zaharrak berri. Murrizketa festa ikaragarria prestatzen ari dira, eta egiten utziz gero, normaltasun berria larrituko den krisi sozialean bizitzen ikastea izango dela dirudi.
Joan den krisian aspertu arte errepikatu ziguten diru sarrerak gutxitzen direnean gastuak txikitu eta berrantolatu behar direla, familietan bezala, baita eremu publikoan ere. Gezurraren neurrikoa izan zen iruzurra. Familiek ez dute merkatuan eskua sartzeko ahalmenik, ezin dituzte funtsezkoak diren gauzak merkatuaren logikatik atera guztien eskura jartzeko, ezin dute testuinguru ekonomikoa aldatuz estualdi ekonomikoari aurre egin. Gobernuek bai. Familiek ez dute diru sarreren inguruan erabakitzeko benetako aukerarik. Langileok ezin dugu erabaki, diru sarrerak handitzea beharrezkoa eta bidezkoa delako; aukera izanez gero, ez genuke galduko. Gobernuak bai. Handitu ditzakete diru sarrerak, baina uko egiten dute.
Estatuen esku dago beren eremuko baliabide ekonomikoak herriari begiratuz eta pertsona guztien eskubideak lehenetsiz berrantolatzeko aukera eta erantzukizuna. Horretarako daude aurrekontuak eta politika fiskala. Euskal Herriak ez du estaturik, baina badago fiskalitateaz erabakitzeko aukera Hego Euskal Herriko instituzioetan. Badago murrizketen logika alboratzeko aukera; ez delako bidezkoa, ez delako beharrezkoa eta ez delako batere inbertsio ekonomiko ona.
Aberastasuna banatzeko erabaki politikoa ez hartzeak krisi sozialean itotzera garamatza. Azken hamarkadan pobrezia gure artean zenbat handitu den ikustea besterik ez dago. Eta bidezkoa den ereduarekin diru sarrerak handitzeari uko egiten badiote lapurtuko digute alternatibak eraikitzeko aukera; fiskalitatea da giltza garapen eredu berriari ateak irekitzeko.
Oinarrizko tresna da ohitura, kultura eta praktika ekonomikoak aldatzeko; jasangarriak eta sozialki funtsezkoak diren jarduera ekonomikoak bultzatzeko. Eraginkorra da herri ekimenetan oinarritutako erantzun kolektiboak hauspotzeko eta arazo sozialekin negozioa egitea oztopatzeko. Fiskalitatean dago gakoa zerbitzu publikoak sendotzeko, zaintza lanak berrantolatuko dituen zaintza sistema publikoa eraikitzeko eta krisi klimatikoari aurre egiteko eredu aldaketa finantzatzeko.
Azken asteetan iniziatiba ugari abiatu dira herritarren ekarpen ekonomikoari esker. Herritarron bultzada ezinbestekoa da alternatiba guzti horiek ibilbidea izan dezaten. Baina eredu ekonomiko eta sozial berri baterako trantsizioak finantzaketa publikoa, antolatua, egonkorra eta behar adinakoa behar du. Hor dago gakoa.
Aberastasuna badago, non dagoen badakigu, politika fiskala aldatuz gero herriaren zerbitzura eta eskura jarri dezakegu. Botere ekonomikoak erabakitzen duen politika fiskala aldatzeko indarra badugu ere, aldatzeko premia konpartitzeaz gain nola aldatuko dugun adostea lortu behar dugu.
Trantsizioari atea irekitzeko giltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu