Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Transexualak eta aldagelak

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Uda atseden hartzeko garaia da batzuentzat, eta lanean aritzeko garaia beste zenbaitentzat. Gorputzenganako eta identitateenganako errespetu eta onarpen ezak, ordea, ez du jaiegunik. Mutil transexual nerabe batek kontatu dit entrenatzaileak nesken aldageletara joateko agindu ziola. Mutil gazteak ezetz erantzun arren entrenatzaileak jokoz kanpo dauden iruzkinak egiten jarraitu omen zuen: lesbianek eta marikek ez dute aparteko aldagelarik; beraz, zuk zer arazo duzu? Neska baten gorputza daukazu, alua eta bularrak dituzu, inork ez dizu ezer esango nesken aldageletara sartuz gero! Jantzita mutil bat dirudizu, baina erantzita neska bat zara. Ezjakintasuna ausartegia da askotan.

«Ez da nire gorputza, zure begirada baizik». Halaxe du tatuatuta nire ikasle izandako trans batek bularpean. Dutxa irekietan ez da inoiz dutxatu mastektomia eginda duen nire lagun bizardun aludun hau. Kontua ez baita besteen begi-rada transfobikoa soilik. Norberak bere gorputzarekiko duen disforiak ere badu bere eragina. Pentsa ze egonezin eta zailtasun eragiten duen bien arteko baturak. Edo hausturak.

Gauza bera ote da neska zakildun bat emakumezkoen aldageletan dutxatzea, eta mutil aludun bat gizonezkoen aldageletan dutxatzea? Buru eta ikuspegi itxiek eragiten dute dutxa irekiak leku deseroso izatea transexualentzat ere. Jaio orduko hankartean dugunaren arabera izendatzen eta sailkatzen gaituzte, eta horrek erabakitzen du zer-nola jokatu behar dugun. Baita gu nola tratatuko gaituzten ere. Zer-nolako pribilegioak izango ditugun ez ezik janzkera normatiboa eta orrazkera kanonikoa zein diren ere jakinaraziko zaigu.

Hala ere, justu gorputzeko atal hori da ezkutatzera behartzen gaituzten bakarra. Genitalak beti estalita, eta gizartea ipurdi bistan. Sabelean hazten ari den unetik eta umetik jakin behar izaten da zer dakarren gerripean, jakin-mina obsesio bihurtzeraino. Esan gabe doa intersexualen gaia ere noraino ezkutatzen den, gai tabu bihurtzeraino etxe askotan.

Askatasuna, eskubideak, inklusioa, errespetua edo onarpena bezalako hitzekin betetzen zaigu ahoa. Alferrik da, ordea, aurreiritziak eta erlijioaren mandamentu klasista-normatiboak husten eta hausten ez baditugu. Hitzak dioen moduan, alda gelak dira; beraz, soina erantzi eta burua janzteko garaia da. Aldaketarako ordua, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.