Lutxo Egia.
TRANSITOAK

Trans

2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Naoufal eta biok zubia zeharkatzen ari gara elkarrenganantz», idatzi nuen atzokoan. Neure ukatzeak ari naiz hobeto konprenitzen eta menturaz gainditzen. Ohartzeak akordura ekarri dit Julio Cortazarrek El libro de Manuel-en sortutako irudia: «Jendea zubia zeharkatzen da zubia»; alegia, zubia ez da zubia jendeak zeharkatzen ez badu.

Beraz, subjektua eta ekintza ezinbestekoak dira zubia izan dadin. Subjektua indibiduala edo kolektiboa izan daiteke. Kasu honetan, norbanakoa da. Neu naiz Cortazarren jendea. Nire ekintza indibiduala da; hori bai, kolektibora proiektaturik, Kixote ororen atzean Cervantes bat baitago. Bestalde, zeharkatzean datza ekintza, beste aldera joatean. Trans ekintza.

Zubiak ez dit ardura. Zeharkatzea zait axola, Koldo Izagirrek sortutako Agirre'tar Nikola Metxa hari bezala, ihesak antolatu ordez zuloak egiten zituena kartzeletara sartzeko. Performancea zirriborratzen ari nintzela, trans aurrizkia ezarri nion; Transitoak, izena. Izan ere, trans-ek bi adiera ditu latinez: zehar eta beste aldean. Baina zeharkatu, nora eta zertarako?

Feminismoari begira jarri naiz; urrutira gabe, orain dela bost urte PutaBolloNegraTransFeminista Sareak deitutako matxinada transfeministari, non besteak beste hauxe zioen: «Emakume hutsa izateak jada ez digu balio. 'Emakume' subjektu politikoa motz geratu zaigu; baztertzailea da izatez, kanpoan uzten baititu bollerak, putak, belodunak, maritxuak, transak...».

Orduz geroztik, hamaika bider entzun dut transfeminismo hitza, azkena Itzi Zigaren Malditas liburuan. Eta, egunotan hirian jitoan nabilenez, transeuskaltzaletasuna dabilkit buruan. Oraindik ez dakit zer den, baina zeharkatzearen eta beste aldean kanpatzearen beharraz ari zait kolpeka, dinbi eta danba.

@'Transitoak' blogeko gainerako sarrerak irakurtzeko, jo hona:

www.berria.eus/blogariak/ transitoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.