Iñigo Aranbarri.

Tradizioa

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Badu Imanol Lazkano azpeitiar bertsolariak dohain apartekorik. Isilik dagoenean, Adania Xibli palestinar idazleak isiltasunaren garrantziaz dioen hori guztia dakarkizu; hitza hartzen duenean, bera bezala mintzatzeko bekaitzak erretzen zaitu; elkarrizketa idatzia egiten diotenean, berriz, hizketan entzuten duzu.

Interbiua herriko aldizkarikoek. Aitzakia, Landetako San Eloi jaietan egin berri dioten omenaldia. Eta honetaz eta hartaz ari dela, alea Lazkanok, nondik datorkion izena auzoari. Ez, erregular, toponimo batetik, are gutxiago Jainkoak Urraki gainera abiatzerako Noyongo obispoari emandako tauletatik. Errazagoa da dena. Berak gurasoei-eta entzundakotik, duela berrehun bat urte ganadu feria egiten omen zen Landetan, hain izen handikoa non erbestetik ere jendea biltzen baitzen soro-lanetarako abereak erostera, asko eta asko Frantzia hegoaldekoak. Landetarren azokatik, beraz, Landeta. To, Larramendi.

Jaiak San Eloietan egiteko usadioaz, berriz, hona azalpena. Duela 60 bat urte, lehen galdategiak auzora heldu zirelarik, euren santu hartuaren eguna bazkari batekin ospatzen hasi ziren langileak. Ostekoak luzatu, bertsolariei deitu, biltzen hasi, ziklo krosa antolatu, berbenak… hala iritsi zen ospakizuna behinola izan zuen izena izatera. Egun, hasi zaitez galdezka nola hasi zen guztia. Munduan beste asko lez, artaburuak bizarrez Landetan ere.

Eskertzeko hitzak Imanol Lazkanorenak, turismo gidetatik publizitate kitschera, sukar identitarioaren defentsan "gure tradizioekin" hainbesteko zarata ateratzen dugun herri honetan. Azken beltzean zer gara bada, istripu historikoen eta unean uneko egintzen ondorio besterik, bizitzaren ospatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.