Handik eta hemendik

Torturismoa

Imanol murua
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Harrapatzen duzunean, utzi neuri exekutatzen». Horixe esan zion Rudy Giulianik George W. Bushi 2001eko irailaren 11ren ondorengo egun bero horietako batean, jendaurrean. Bata New Yorkeko alkatea zen, eta bestea AEBetako presidentea. Osama Bin Ladeni buruz ari ziren. «Edonora joango nintzateke, hantxe bertan exekutatzeko», azaldu du orain Time aldizkarian. Mendekuaz mintzo da, errebantxaz, ordainaz.Ez dira sentimendu nobleak, dio, baina giza sentimenduak dira.

Ameriketako Estatu Batuetan nagusi den jarreraren adibidea besterik ez da Giuliani. Europan baino lotsa gutxiagorekin mintzo dira politikariak eta iritzi emaileak Atlantikoaren alde honetan. Bin Laden desarmatua zegoela aitortu dute, buruan tiro eginda akabatu dutela eta gorpua itsasora bota dutela. Dena beste estatu subirano baten lurraldeetan. Legegileek esan dezatela nazioarteko zenbat arau urratu zituzten egun bakarrean. Baina no problem. Europatik ere zorionak jaso dituzte.

Etxean, Michael Moore eta Noam Chomsky baino ez dira ausartu ezer esaten, ez baitute hauteskundeetan lehiatu beharrik. AEBetako senatari, gobernadore eta hautetsi guztien artean inor ausartu baldin bada Bin Ladenen hilketaren aurka agertzera, atxilotzea etaepaitzea zuzenagoa litzatekeelaesatera, ez zaio askorikentzun.

Eztabaida beste nonbait dago: Guantanamoko atxilotuak torturatzea eraginkorra izan zen edo ez. Torturatu zituztela ez du inork ezkutatzen. Areago, George W. Bushen agintaldian «galdeketa teknika hobetuak» baimendu zituztenak euren meritua aldarrikatzera agertu dira pantailetan. Donald Rumsfeld Defentsa idazkari ohia telebistan ikusi dugu esaten itolarriaren teknika aplikatu zitzaien «hiru» atxilotuengandik oso informazio baliagarria lortu zela, orain Bin Ladenengana iritsi ahal izateko.

Tratu txarren bidez egindako galdeketetan ateratako informazioa hain baliagarria eta erabakigarria ez dela izan erantzun dute beste aldekoek, ez bakarrik demokratek.Nabarmena dena azaldu du, esate batera, John McCain errepublikarrak, Etxe Zurirako hauteskundeetan Obamaren lehiakide izan zenak, Vietnamen preso egin zituen bost urteetan tratu txarrak jasan omen zituelako gai hauetan itzal handia duen senatariak: «Esperientzia pertsonalagatik dakit presoei tratu txarra ematetik batzuetan informazio onalortzen dela, baina sarritan informazio txarra ere ateratzen dela, torturapean dagoen pertsonak bere galdekatzaileek entzun nahi duten edozer esango duelako, egia izan edo gezurra izan, uste baldin badu horrela bere sufrikarioa arinduko duela».

Rumsfeldek, eta bere sokako gehienek, ez dute tortura hitza erabiltzen. Baina batzuek, bai. Datorren urteko hauteskundeetan Alderdi Errepublikako lehendakarigai izan nahi dutenetako batek, Donald Trump hautagaigaiak, torturaren letra guztiak batere lotsarik gabe ahoskatzen ditu, alde dagoela esateko: Bin Laden harrapatzen lagundu duenez, ni torturaren alde. Beste dimentsio batean daude hemen. Irratia dialaren oso eskuinetik ari bazaizu, ez harritu esatari bati zera entzuten badiozu: «Jainkoak bedeinka ditzala galdekatze teknika hobetuak» eta «jainkoak bedeinka dezala George W. Bush galdekatze teknika hobetuak aplikatzeagatik». Horixe da Obamari leporatzen diotena: Bin Laden zuk hil duzu, baina berarengana eraman zaituen informazioa lortzeko torturak guk egin genituen, eta zuk, gainera, orain debekatu egin duzu galdeketa molde hain eraginkor hori. Zutabegile batek (Leslie Savan, CBS) dagoeneko izena ere jarri dio pentsamolde berri honi: torturismoa.

Ados, ez du inbidiarikematen. Eztabaida politikoan mende bat atzera egitea bezala da tortura zilegi ote den eztabaidatzen haste hau. Baina gaitza sendatzeko lehen pausoa ez al zen gaitzaz jabetzea etagaitzaren existentziaaitortzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.