Handik eta hemendik

Torturaren hautagaiak

Imanol Murua Uria.
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ez da CSI telesaila, Espainiako Auzitegi Nazionala baizik. 2003ko otsailaren 8an Andoaingo Daytona kafetegian Joseba Pagazaurtundua udaltzainburua hiltzea leporatzen diote Joseba Agirresaroberi. Hiltzaileak kafea hartu berritan egin zion tiro Pagazaurtunduari, eta handik zazpi urtera, kikara hartako DNA eta akusatuak ur botila bitan utzitakoa bat datozela ondorioztatu dute ikerlariek. Ez dago nonbait Agirresaroberen aurkako beste frogarik. Aste honetan epaitu dute.

Akusatuak ukatu egin du inoiz ETArekin harremanik izan duela, inoiz armarik eskuetan hartu duela eta inoiz Daytona tabernan egon dela. Kafea, kalte egiten dionez, bizitza osoan bi aldiz hartu omen du. ETAko kideek ez bezala, fiskalaren eta hiru akusazioen galdera guztiei erantzun die. Bere puntu ahula: ez da gogoratzen, eginahal guztiak eginda ere, hilketaren egunean non egon zen. Balantzaren beste aldean, DNA: Ertzaintzaren perituen arabera, ez dago zalantzarik; defentsak proposatutako perituen arabera, kikarako arrastoek ez dute behar besteko kalitaterik, ez dute ematen behar besteko ziurtasunik.

«Zigortzen banauzue, errugabe bat kartzelan izango da, eta errudun bat aske», esan du Agirresarobek azken hitza esateko aukera eman diotenean. Ez dago tarteko biderik halako kasu batean: edo 48 urteko kartzela zigorra, fiskalak horixe eskatu baitu, edo aske. Akusatuaren zoritxarrerako, Espainiako Auzitegi Nazionalak askotan erakutsi du ez dela esamolde zahar hura aintzat hartu zale: alegia, hobe dela ehun errudun aske uztea, errugabe bakar bat zigortzea baino.

Epaimahaiaren ustez errudunak zirela zalantzarik ez zegoelako zigortu zituzten lau guardia zibil Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kide atxilotuak torturatzeagatik: lau urte eta erdiko espetxe zigorra arduradunari, bi urte eta erdikoa beste bati, eta bi urtekoa gainerako biei. Oso ondo zekiten zertaz ari ziren Asociacion Pro-Guardia Civil elkartea eta Rosa Diez UPDko buruzagia, epaiketa Madrilen izan balitz emaitza beste bat izango litzatekeela iradoki zutenean orduan, duela hamar hilabete. Epaiketa «etxetik kanpo» egin zela adierazi zuen guardia zibilen elkarteak —Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean, hain zuzen—, eta hortaz, aldez aurretik zigortuta zeudela. Arrazoi: etxeko epaiak —Madril, Auzitegi Gorena— errugabe bihurtu ditu: eragozpenik ez, beraz, orain arte egiten zutena orain arte bezala egiten jarraitzeko.

Hemen, Estatu Batuetan, hauteskunde kanpainako ekitaldietan kazetariek torturari buruz galdetu egiten diete hautagaiei. Alderdi Errepublikanoko zortzi hautagaien arteko azken eztabaidan, joan den larunbatean, atxilotuen galdeketetan waterboarding teknika erabiltzearen alde edo kontra diren galdetu zieten hautagaiei. Galdekatuari ura aurpegira isuriz itolarria eragiteko teknika da. Bushen agintaldian, Irailaren 11ko atentatuen osteko garaian, CIAk erabili egin zuen, eta hala aitortu gainera. Obamaren gobernuak debekatu egin du, tortura dela argudiatuta. Herman Cain eta Michelle Bachmann hautagaiak alde agertu ziren: ez dela tortura argudiatu zuen lehenak, eta oso eraginkorra dela besteak. Faboritoa, Mick Romney, isilik gelditu zen.

Biharamunean, editorial gogorra atera zuen The New York Times-ek: epelak idatzi zituen, ez Cain eta Bachmanni buruz bakarrik, baita Romneyri buruz ere, isilik gelditu zelako. Editorialgilearen arabera, jarrera «koldar» horrekin tortura babesten ari da Romney, ziurrenik Obamarekin leihatuko den lehendakarigai errepublikanoa. Nork bere zerrenda egin dezala, editorialaren izenburuaren azpian: «The torture candidates», torturaren hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.