Topoa: publikoa, soziala eta garbia

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Topo igarobidea Donostiarako interesgarria ote den jakiteko, halako perspektiba batekin begiratu behar dugu, batez ere, konturatzeko epe laburrera egindako inbertsio horiek denontzat izango direla onuragarriak epe ertain eta luzera.

Eta ideia hori hainbat ikuspuntutatik argudia dezakegu.

Azpiegitura horrek hiria eraginkorragoa izatea ekarriko du, bai eta herritarrei zerbitzu hobea ematea ere. Hiri barruko joan-etorrietarako nahiz hiritik kanpokoetarako —Gipuzkoako beste udalerri batzuetatik edo Frantziatik egiten diren bidaietarako—, garraiobide publiko eraginkor bat edukiko dugu, eginkizun sozial garrantzitsu bat izango duena.

Hiriko garraioa kudeatzeko, ahalmen handiko trenbide bat izango dugu, Topoa, eta autobus sare askoz ere adarkatuago bat, gaur egun dBus iristen ez den tokietara ere iritsiko dena. Elkarren osagarri bihurtuko dira bi sareak.

Zalantzarik gabe, topo igarobidea ere barnean hartzen duen garraio sare horrek funtzio sozial eztabaidaezina du. Loiola, Intxaurrondo, Altza eta Añorga auzo periferikoetako herritarrek lotura hobea izango dute hiriko beste auzoetara, erdialdera eta unibertsitateetara joateko, esate baterako, bai eta Donostialdeko eta Irun-Donostia korridore garrantzitsuko beste herri batzuetara joateko ere. Trenbide nagusi horretatik abiatuta, orain iristen den baino zona periferiko gehiagotara iritsiko da dBus.

Azpimarratu beharreko alderdi garrantzitsu bat sostengagarritasuna da. Kyotoko eta Parisko itunak betetzeko konpromisoa hartu badugu, zerbait egin beharko dugu. Topo igarobideari esker, autoak kendu ahal izango ditugu lurrazaletik, eta, beraz, Nox, CO2 eta zarata igorpenak ere gutxitzeko moduan izango gara. Adierazleek oraingo joerari eusten badiote —krisialdiaren irteerarekin bat etorriz—, adi ibili beharko dugu etorkizunean mugikortasun aldetik izango dugun egoerari aurre egiteko: autoen salmenta gorantz doa, eta, hortaz, garrantzitsua dirudi hirian muga jartzeak, horren ordezko aukera eraginkorrak emanda. Hala egin ezean, ostera ere saturatu egingo ditugu errepideak eta hiria. Hori ez gertatzeko lagungarri izango dugu igarobidea, garraiobide garbia den aldetik, bai eta autobus sarea ere, auto pribatuaren ordezko alternatiba garbi bat eskainiko baitu joan-etorrietarako.

Arrazoi gehiago ere badira, toki faltagatik hemen jorratu ezin ditudanak. Baina beste bat gehiago ere adierazi nahiko nuke. Bilbo, Bordele edo inguruko beste hiri batzuei erreparatuz gero, metroak edo tranbiak nola eraldatu dituen ikusiko dugu: eraginkorragoak, modernoagoak eta garbiagoak dira orain. Gure kasuan, eginkizun estrategiko hori topo igarobideak du. Donostia gaur egun hiriek duten erronkarik zorrotzenei aurre egiteko moduan egon daiteke. Hurrengo belaunaldiarentzako hiri moderno eta erakargarria bihur daiteke. Gure inguruko herrialde aurreratuenek trena dute begiz joa mugikortasun eraginkor eta garbi bati heltzeko garaian.

Esandako guztia lor al liteke autobus sare batekin bakarrik? Ez. Igarobidea behar-beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.