Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Tokiko boz hutsak baino gehiago

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Herritarrak bozkatzera deituak daude gaurko. Hauteskunde hauetan, Galizian, neurtuko da nolako indarra duen PP ordezkatzeko alternatiba sozial eta politikoak. 2019an, hiri guztietako gobernuetatik kanpo geratu zen PP, eta Ourenseko Diputazioari baino ez zion eutsi. Orduko egoera politikoaren eta oraingoaren artean dauden aldeak gorabehera, kanpainan bozetarako egin diren zundaketa eta proiekzioek iragarri dute emaitzak ez zaizkiola batere mesedegarriak izango eskuinari, PSdeGk behera egingo duela baina neurri handi batean eutsiko diola tokiko indarrari, eta BNGk gora egingo duela, gehien haziko den indarra bihurtzeraino.

Galiziako politikaren historian, udal hauteskundeak beti izan dira tokiko boz hutsak baino zerbait gehiago. 1910eko bozetan, adibidez, I. Errestaurazioaren erregimenaren krisiaren erakusgarri izan zen ElkartasunGalegoa alderdiak lortutako arrakasta; 1931ko apirilekoetan, berriz, atea ireki zitzaion errepublika aldarrikatzeari —nazionalistek ez zuten sekula beretzat jo errepublika—; eta 2003ko hauteskundeek, azkenik, fraguismoaren amaiera markatu zuten. Igandeko hauteskundeetara begira, Galiziako iritzi politikoak jomugan du nola moldatuko ote den PP Feijoo gabe, eta zenbaterainoko onespena izango duten oposizioko indarren proposamen politikoek.

Igandeko bozak lehen kapitulua izango dira hauteskunde ziklo luze batean, zeina 2024ko Galiziako hauteskundeetan bukatuko baita; Rueda presidenteak, hain zuzen, ekainaren 9an ezarri nahi ditu boz horiek, Europakoen egun berean. Hor tartean, funtsezko geltokia izango da estatuko prozesua, urte honen bukaerakoa, non eskuin politikoak Moncloa hartu nahiko baitu PPren eta Voxen gehiengo parlamentarioaren bidez. Borroka horri erreparatuta, agerian geratzen da Espainia argi eta garbi lerratua dela eskuinik muturrekoeneko ideologietara, eta bitartean oldarraldi erreakzionario horri buru egiten segitzen dutela estaturik gabeko hiru nazioek.

Galiziako hauteskundeak begi bistan daude jada. Oposizioak urtebete dauka bere programako proposamenak zehazteko eta 2024ko ekaineko borrokarako indarrak berritzeko. Itxura guztien arabera, igandeko tokiko bozak abiapuntu egokia izango dira, baina, PP garaituko badute, ezinbestekoa izango da indarra berrestea eta hauteslerik kritikoenak —40 urtetik beherakoak— mobilizatzeko gaitasuna izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.