Hamasei hilabete ditu eta oraindik titian zintzilik duzu?»; «Haurra gaizki ohitzen ari zara!»; «Ez du lotsariknik, nola da posible espazio publikoan haurra titian edukitzea?!»; «Gaurgero esneak ez du haurra elikatzen, noiz arte emango diozu titia?». Ez naiz sekula ohituratuko jendeak emakumeon bizitzan muturra sartzeko duen naturaltasunera.
Duela lau uda, haurdun gelditu nintzenean, hori izan zen lehen zartakoa: gizarteak, berez, emakumeon bizitza epaitzeko duen askatasuna areagotu zen amatasunean. Sabelean hazten ari zen bizitzak zekarren aldaketaren kontzientzia hartzeko denborarik gabe, jendea hasi zitzaidan eskatu gabeko iritzi zaparrada botatzen. Okerrena? Intrusismo horrek ez duela etenik izan eta mugak jarri ditudanean, gizarteak bizkarra eman didala beti. Bai, ni ere ama izan naizenean konturatu naiz horretaz. Nire bizipenaren bitartez, baina, baita, inguruan ditudan amen bitartez ere. Eta kezkatzen nau ikusteak zenbat amek elkarbizitzen duten presio horrekin isiltasunean. Zenbat edoskitze galdu, zenbat erabaki mugatu...
Ez da kasualitatea Rigobertaren Ay mamá-k anitzi erraietan eragin zigun subidoia: sistema patriarkalak beldurra die titiei, espazio publikoan naturaltasunez edoskitzen duen emakume zoriontsu baten atzean dagoelako, emakume aske eta iraultzaile bat. Horregatik, hainbertze hamarkadatako zapalketa horren kontra, ezinbertzekoa da mugak jartzen jarraitzea. Ohitu gaituzte isilik eta konforme egotera, baina, argi dago sekula baino beharrezkoagoa dela gure aldarria. Atzo abiatu zen Amagandik Edoskitzearen Nazioarteko astea. Iritsiko ote da sekula horren beharrik izango ez dugun eguna?
ELE
Titi askeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu