Lehenik eta behin: zergatik transmititu gure kultura? Arrazoi historiko, etnografiko, moral edo soziopolitikoez gain, sinpleki, Jon Sarasuak hizkuntzarentzat dioen bezala, kultura gainditzen gaituen fluxu erraldoia delako, eta oraindik kolektiboki sentitzen dugulako gure gizarte oreka ardatzetarik bat dela.
Euskal literaturaren historiaren historia saiakeran, Jon Casenavek ongi erakusten du euskal literaturaz konturatu diren lehenak kanpotarrak izan zirela (Francisque Michel, Julien Vinson). Baina ez da hori arrarotasun bat: Germaine de Staël alemaniarra, alemaniar literaturaz ohartu zen atzerrian zelarik erbesteraturik (De l'Allemagne). Orokortu daiteke errana: kultura batez kontzientzia hartzeko, kanpoko begiekin bezala ikusi behar da, deszentratuz; hots, kultura bat ezagutzeko eta aztertzeko, objektu zientifiko gisa hartu behar da, aztergaitzat jaso behar da. Erroak erromantizismo garaian daukan ikusmolde garaikide horrek justifika dezake graduondoko baten sorrera: goi maila intelektualera eraman behar da kulturari buruzko ikerketa eta transmisioa, bide horrek bermatzen duelako kultura horri buruzko kontzientzia hartze sakona.
Bizkitartean, kultura biziduna ez da ikuspegi objektibizatu eta hotz horretan bakarrik ulertzen ahal. Ezen, kultura berez mugikorra eta aldakorra da. Ezaugarri hori azter eta transmititu daiteke hainbat tresna teknikorekin, antropologiatik eratorritakoekin adibidez, baina, ene ustez, hobeki egiten da arrazionalki ezin neurtuzko baliabideekin, hala nola idazle eta artisten irudimenaren bidez, edo egunerokoan bizitako une berezi batzuen bidez, bai familiaren intimitatean, bai gizartean (istorio kontatze, ibilaldi egite, pertsonaia antzezte edo errito burutzeren karietara).
Iruditzen zait, beraz, kulturaren transmisioa lortuko dugula bi dimentsio horiek uztartuz: ikerketa edo unibertsitate mailako lan zorrotz, sakon, abstraktu eta teorikotik, bai eta giza edo elkarte herrikoi mailako asmakizun, afektibitate eta gorpuztearen bidetik ere. Horregatik biziki aberasgarri zaizkit bi dimentsio horiek kontuan hartzen dituzten ekitaldian, hala nola Irisarriko Ospitalea ondare zentroak momentu honetan proposatu erakusketa, eta horren haritik hainbat entzun-ikuskizun sorginkeriei buruz.
Baigorrin muntatu beharra den Nafarroa Behereari buruzko interpretazio zentroaz zabaldu du galdeketa publikoa herriko etxeak. Galderen artean hau dago: zein euskarri zaizu eraginkorrena iruditzen informazioak transmititzeko? Eta erantzun posibleetan hauek: bideo, maketa, pankarta, argazki, joko, hunkimen pantaila. Nik ihardets nazake edozein euskarri on dela, orokorrean zainduak baldin badira bai transmisio zientifikoa, bai transmisio emozional eta haragitua.
Teoriak eta gorpuzteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu