Talde mistoak bai edo ez?

2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Galdera erantzutea ez da erraza, eta balorazioak egiteko garaian haurren adin biologikoa, garapen-maila, bakoitzaren interes pertsonal eta testuinguruaz gain, egiten den ekintza edo praktika motak (konpetitiboak, kooperatiboak, libreak...) eragin handia dauka.

Beraz, hasteko, Eskola Kirolaren eredua aztertu beharra dago, eta lehenengo galdera eskola kirolean zein kirol mota edo jarduera bultzatu behar dugun izango litzateke. Gurean, joera handia dago, helduen praktikak eredutzat hartuz, haurren edozein kirol ekitaldi, lehia eta elkarren kontrako joko bihurtzeko; eta eskola kirola ere askotan kirol federatuaren ispilu nabarmena da, lehiaketan oinarritzen den kirola ikusten da: emaitza ona lortzea parte-hartzea baino garrantzitsuagoa da, eta irabaztea da helburua.

Kirola egiteko modu hau gaitasun gehien dituztenei bideratua dago, eta kirolaren ludikotasun izaera gutxitzen du, goi mailako kirolean ematen diren balio, jarrera eta ekintzak errepikatuz. Eskola kirolean hasten direnerako (8 urte) oso errotuta dago lehiakortasuna, eta denek ez dute berdin bizitzen, berdin erantzuten. Sexu bereko taldeetan betidanik ikusi izan ditugu ezberdintasunak eta askotan abilezia gutxien duten haurrak baztertuta geratu ohi dira. Ezberdintasun horiek talde mistoetan areagotu egiten dira, gehienetan, mutilek konpetiziorako motibazio handiagoa izaten baitute eta jolas librea kirolaren inguruan egituratzeko joera baitute.

Beraz, gaur egungo eskola kirolean ez dut uste talde mistoak egitea egokia denik. Horrelakoetan parte-hartzea bultzatu nahi da, baina lehiakortasun testuinguru horretan talde mistoetan agertzen diren desberdintasunek, arriskua dakarte parte-hartze horretan. Ondorioz, kirol eredua aldatzeko beharra nabarmendu nahiko nuke.

Zalantzarik gabe, kirola praktikatzea onuragarria eta osasuntsua da, baina, horretarako, moduak eta uneak kontuan hartzea ezinbestekoa da. Lehiaketa ez da txarra ongi bideratua badago, baina ezin da ahaztu eskola kirola egiteko beste aukera batzuk ere zabaldu behar direla, haurren gaitasun kognitibo, motore, giza harreman eta mundu afektiboa garatuko dutenak; kirolak haurraren prestakuntza eta garapen pertsonalean eragin positiboa izateko. Mota honetako jardueretan interesgarria ikusten dut talde mistoak egitea.

Urola Kostako eskola kirolean antolatzen den Multikirol Ligaxkan, adibidez, taldeak mistoak izatea esperientzi positiboa izan da. Bertan kirol ezberdinak eskaintzen dira: errugbia, xakea, mendia, tenisa, surfa, kirol egokitua, arrauna, softbola... Denak ere, ikasleen adinari eta parte-hartzeari egokituak izaten dira, modu ludikoan jarduerak eskaintzen dituen alde baikorrenak kirolari gazteei erakutsiz.

Azken finean, taldeak mistoakizan edo ez, helburua kirolaz baliatuz gizarte eta kultura jakin bakoitzean hezkuntzako eta gizarteko baloreak garatzea da, guztion parte-hartzea bermatuz, eta neska nahiz mutilei gozatzeko aukera berdinak eskainiz, noski. Azken batean, jarduera horiek heziketarako dituzten ezaugarri onuragarriak bultzatu behar dituzte: ingurua ezagutzen eta ulertzen lagundu, erabakiak prozesatzeko gaitasuna bizkortu, lankidetza jorratu, elkarren arteko errespetua landuz, eta sozializazioa eta integrazioa bultzatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.