Desoreka askotxo gertatzen ari dira aldi berean, eta krisi askotxo sortzen ari dira bata bestearen gainean: hainbeste izanik, serio hartzekoak dira. Hauek guztiak ditut hizpide, Martxelo eta Vicent: erdigune kapitalistak atzera egiten ari dira ekonomikoki eta politikoki, Txinarekin eta BRICSen orbitan dabiltzan herrialdeekin daukaten aurrez aurrekoan; eragile batzuk gerraz baliatzen ari dira zenbait hegemonia finkatzeko eta multipolartasunari bidea oztopatzeko; Europako Batasuna inolako garrantzirik gabeko eragile bat da orain, Ameriketako Estatu Batuen zerbitzuan jarduten duena; ekonomiak ez atzera eta ez aurrera segitzen du 2008ko krisitik, Michael Robertsek hain egoki Atzeraldi Handi izendatu zuen hartatik; eta konbultsio sozialak pizten ari dira aldirietan, baina baita globalizazio esaten zaion baina berez-berez inperialismo esan beharko litzaiokeen eufemismo horrek azpiratutako herrien eta pertsonen erdiguneetan ere.
Establishment-eko autorerik itzaltsuenek ez daukate batere dudarik, eta beren kontakizuna berrikusten hasita daude, berriz ere ezartze aldera klase menperatzaileen interesak bermatuko dituen esparru analitiko bat. Horren erakusgarri da Martin Wolfek joan den astean Financial Times hedabidean idatzitako kronika bat, non zera esan baitzuen, kezkaturik: «Gaur egun, XX. mendearen hasieran bezala, aldaketa izugarriak gertatzen ari dira munduko boterean; krisi ekonomikoak pizten dira han-hemen, eta demokrazia ahulak higatzen ari dira [...] Merkatu kapitalismoa [...] jada ez da gai oparotasuna handitzeko eta hazkunde hori askoren artean banatzeko». Horregatik, haren ustez, «ongizate estatua funtsezkoa da». Eta kazetari britainiar horren artikulua ez da izan, inondik ere, Financial Times-en azken hilabeteetan bide horretan argitaratutako testu bakarra.
Espainiako Estatuan maiatzaren 28ko hauteskundeetan agerian geratu zen bezala, bataila politikoak irabazteko ezinbestekoa da borondatea izatea kontrarioaren proiektu ideologikoari buru egiteko. Eskuina, alde batetik, eztabaiden jokalekuak eta hizpideak ezarriz, argi erakusten ari da nolako ahalmena duen erasorako; Espainiako ezkerra, bestetik, orain ere maniobra taktiko batzuen mende uzten ari da bere proposamen politikoaren arrakasta, baina halako maniobreibidea bukatzen zaie bozetako porrotaren biharamunean.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Taktikez eta estrategiez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu