Buru-hil, Jainkoari eskua hartu, nor bere eskuz hil, lepo egin, burua xahutu (galdu, bota, zintzilikatu…), burua urari (amildegiari…) eman, Judasen legez hil… Suizidioa erdi gordetzeko formulak, izugarrikeria leuntzeko erak. Eta tabuaren espresio guztien artean, usuena, esankorrena: buruaz beste egin. Alienazio guztizkoaren definizio zehatza. Buruaz. Beste. Buruak uko egin dio bere jabetzari.
Azken datuek diote suizidioa dela gurean heriotz-kausa lehena, motibo naturalen ondoren. Errepideko istripuen gainetik, lehen aldiz. Kausak? Camusentzat arazo filosofiko bakarra dago benetan serioa: suizidioa. Zer zentzu du mundualdiak? «Heldu da ordua» izan ziren Sándor Márairen azken hitzak; ondoren, tiro bat lokian. Ordua eta modua, berak erabakiak. Bera, bere buruaren jainko eta esku. «Aski da adore piska bat […] Apaltasuna behar da, ez harrokeria», idatzi zuen Pavesek, lotarako pastila mordoa hartu aurretik.
Isiltasuna.
Hitz beste
Suizidioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu