Azken hilabeteotan bizitzen ari garen zientzia-fikziozko seriearen pasarteren bat galdu dudala uste dut. Saiatzen naizen arren, ez dut lortu hango eta hemengo ordezkari publikoek hartutako hainbat neurriren irizpideak ulertzea. Pandemiak utzi duen krisi ekonomiko eta sanitario honetatik nola aterako garen ez dakit, baina argi dagoena da turismoak bahitua duela gure sistema ekonomikoa.
Azkenekoz txundituta gelditu nintzen uztail hondarrean, azken urteetako hilabeterik gogorrenak gainditzen ari ginenean mereziak genituen oporrak arriskuan zeuden edo ez beldur ginela, Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torraren hitzak aditu nituenean: bigarren konfinamenduaren mamuarekin, hiritarrei etxean gelditzeko erantzukizuna aldarrikatzen zien une berean, turismoari Kataluniara joateko gonbidapena luzatu zion, lurralde «segurua» zelako.
Bai, badakit, turismoak indarra du gurean, eta ordezkari politikoen ardura ere bada hori zaintzea, baina mugarik gabe? Seguru?
Oraindik ere kosta egiten zait kalean joan eta hainbat eszena ikusi ondoren barrenak ez nahastea: antzerkiak, zinemak eta kontzertuak bertan behera utziz, edo aforoak erabat murriztuz, aldez aurretik ere prekaritatean murgilduta zegoen kulturaren osasuna okertuz doan bitartean, hango eta hemengo ostatuen terrazek jendez gainezka jarraitzen dute inongo segurtasun neurririk errespetatu gabe. Zalantzarik gabe, pandemiaren dramak mozorroa kendu dio ordezkari politiko bati baino gehiagori eta, ohi bezala, ahulenak ordaintzen ari dira bidesaririk garestiena. Kulturaren hiletaren kontra, salbuespeneko laguntzak behar dira. Orain, sekula baino gehiago!
MELE
SOS Kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu