Ines Osinaga.

Sortzen duen herri bat...

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Musikariak Ikastetxean programa jarri du martxan, euskal kulturaren transmisioa sustatu, bultzatu eta bermatzeko hezkuntza arautuan. Horretarako, eskolei aukera eman zaie bertara musikari bat bildu eta, programan adostutako eduki eta metodologiarekin, Euskal Herriko musikari batek bere sorkuntza prozesua partekatu, eta euskal musikaren historiari buruzko zertzelada batzuk bere ahotik entzuteko.

Sorkuntza eta transmisioa, horiek dira, beraz, programa horren helburuak. Horixe curriculumean existitzen ez den gai bati buruzko curriculum alternatibo baten lehenengo zehaztapen maila.

Tranpa da, baina; curriculumean ez delako existitzen esaten dena bakarrik, esaten ez dena ere curriculumean dagoelako. Hori delako armarik zorrotzena, zer esan baino gehiago, zer ez kontatu. Zer isildu.

Musikariok eskolara joan eta kontatu ahalko diegu, kantatu ahalko diegu. Alegia, gu ez gaudenez eskolan, joan gaitezen gu eskolara, existitzen garela esatera. Berrogeita hamar minutu izango ditugu parean dauzkagun hogeita bost gazteri kontatzeko eta kantatzeko.

Hemen dago, baina ikasgelako atea ixten denean hasten den erronka. Zer kontatu? Zer ez? Zer esan eta zer ez?

Ze, ertz guztiak bezala, gure ertz hau ere bada amildegi batzuetan. Eta sarritan, bada ezkutatzen denik, lekurik ez duenik eta hegemoniko denik.

Galdera bat egiten diet saioaren hasieran ikasleei: minutu batean, euskal musikako hiru adibide, denbora, tik-tak tik-tak... eta galdera zaparrada hasten da. La Polla Records ba al da euskal musika? Eta taldeek balio dute, ala pertsona bat izan behar da? Izan daiteke nire herrikoa ala ezaguna izan behar da? Alegia, ikasleek (beti bezain jakintsu) lehenengo tiradatik jotzen dute dianaren erdi-erdian: zer da euskal musika? Zer da euskal kultura? Zer da, eta —hemen gakoa— zer ez? Ez da, ez dakigulako dagoela, ala ez da, ez duelako lekurik (izan), ez duelako eskaparatean lekurik (izan) eta, beraz, ez duelako gure memorian lekurik okupatu(ko)? Nor dago gure ertzeko zentroan?

Nik gero eta argiago daukat: Euskal Musikaren transmisioa bermatzeko nire hautua, hain zuzen, ahalduntzean dago. Baita sortzaile gazteen ahalduntzean ere. Euskal kultura zer den eta zer ez den, beraiek erabakiko dutelako. Eta erabakitzen dutena ondo erabakita egongo delako. Eta ez, agian ez zaigu gustatuko (ez zaigu denoi gustatuko, horretaz ez zalantzarik izan).

Sortzearen plazera, esateak eragiten diguna, esan aurretik bidean erantzun gabe geratzen diren galdera horiek guztiek eragiten duten guztia, musika egiteak ahalduntzen gaituena. Horixe gustatuko litzaidake kontatzea ikasgelan. Euskal Kultura deitzen den ekosistema horren parte izateak sortzen duen zirrara, dakarren gozamena.

Sortzen duen herri bat ez delako inoiz hilko, baina, batez ere, gazteek merezi dutelako horrenbeste. Merezi dutelako eskolan hori entzutea, merezi dutelako kalea beraiena dela eta plazan lekua badutela sinestea. Eta lekurik ez badute, ez badiegu uzten, ostikoz plazan daudenak bota eta okupa dezatela!

Mari Luzek esan zuen, Loreari entzun genion, Txakurgorriei irakurri, Uxueri ikasi... Kultura lekua uztea da. Kultura atea zabalik mantentzea da, besteak pasa daitezen.

Etor zaitezte, zuena da plaza, zuena ahotsa, zuena mikrofonoa! Desiratzen gaude zuek kontatuko diguzuena entzuteko. Eta ez zaitezte isildu hala egin nahi ez baduzue. Agian ez zaigu gustatuko... baina horrek ez du inporta. Oraingoan, ez du horrek inporta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.