Zail dago Ukrainan eta, oraingoz, Ukrainako den Krimean gertatzen ari dena ulertzea.
Denbora gehiago, eta azalpen asko behar dira zergatik gertatzen ari den ulertzea. Eztabaida interesgarri bezain korapilatsua jarri digu laborategi politikoan Krimeako auziak. Ukrainako zati izanda, herritar gehienak errusiar joerakoak dira, eta gaur erreferendumean parte hartzera deituta daude; horietako gehienak, inkesten arabera, pasaportea Kieven egin zutenak, baina hurrengoa Moskun egin nahiko dutenak.
Zaila da Mosku Krimearekin egiten ari dena zuritzea. Armada apatrida erabiltzen ari den itxura eginez, indarra erabiltzen du Ukraina ahultzeko. Non dago legitimitatea? Ukrainako lurralde subiranotasunean edo gaurko galdeketan joera errusiazalea erakutsiko duten herritarrengan. Soka luzeko eztabaidara eraman gaitzaketen galderak egin litzake bakarren batek: zer egiten dute horrenbeste errusiarrek Krimean, haiek etxean daude edo etxekonekoan?
Ez dut uste, printzipioetan ez bada, antza handia daukanik Krimeakoak gure herrietako prozesuekin, zorionez. Zailak dira beti prozesu hauek, are zailagoak sokatira geopolitikoaren erdigunean badaude; Ukraina eta ukrainarrekin gertatzen ari den bezala. Interes desberdin eta guztiz kontrajarrien lehiaren biktima dira, eta izaten segituko dute.
Ukrainako auzian, daukan jokabideagatik kritika egin zion ostegunean Bundestagen Merkel gobernuburuari Die Linke ezkerreko alderdiko bozeramaileak. Kosovoko independentzia sustatzea eta Krimeako gaurko kontsultaren aurka egitea leporatu zion. Eztabaidaren erdian, Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrek gure etorkizuna erabakitzeko daukagun nahia aipatu zuen ezkerreko diputatuak Merkeli. Agendan gaude, eta ez da gutxi.
Enbaxada bila
Sokatira geoestrategikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu