Kontseiluak aurkeztu berri duen proposamena une egokian dator: Eusko Jaurlaritza (HPS) 1997ko dekretuaren aldaketa prestatzen ari da, administrazio guztietan bost urteko plangintzaldiaren hastapenetan gaude, eta euskararen erakunde sozial eta publikoen artean aspaldiko lankidetza girorik onena nabari da. Gainera, euskal administrazioetan ordezkatze masiboa dator hurrengo 8-10 urtean hasierako belaunaldien jubilazioarekin, eta une aproposa da administrazioa euskalduntzeko prozesua beste fase batera eramateko. Xehetasun teknikoetan gehiegi sartu gabe, hiru esparrutan kokatuko nituzke gakoak:
Gaitasuna
Orain arteko urratsekin elebidun dentsitatea metatzen ari da, eta erakunde batzuk (GFA ezagutzen dut ondoen) elebitasun unibertsalaren helburura hurbiltzen ari dira. Baina tartean badira itogin teknikoak eta jarioa ez da beti behar bezain handia. Alde honetatik, eraginkorra da: eskakizunak atalka ezartzea, aukeratze-prozesuak euskaraz burutzea, gaitasunak bereiztea eta praktikan egiaztatzea...
Gaitasuna da ezinbesteko baldintza hizkuntza politika aurrera eramateko, eta hamar urteko epean egingarri ikusten dut euskal administrazio guztiak gaitasun unibertsalera bidean azken laurdenean sartuta egotea.
Jarduera
Bistan da administrazio guztiek ez dutela oraindik euskarazko zerbitzua bermatzen; hain zuzen, dagoeneko askok bermatzen dutelako. Berez, herritarrek diote administrazioarekin gehiago erabiltzen dutela euskara beste hainbat arlotan baino. Aurrerago egiteko, herritarrari zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea aitortu behar zaio eta administrazioari hori betetzeko obligazioa jarri.
Bigarren hanka da euskara lan hizkuntza bihurtzea. GFAren 2018-2022 plangintzaldiak «euskara lan hizkuntza nagusia» izatea bilatzen du, «euskaraz funtzionatuko duen Aldundia» bilakatzeko. Horra iristeko, eraginkorra da euskarazko atalak eta zirkuituak sortzea, edota prestakuntza euskaraz ematea; baina ezinbesteko urratsa da hizkuntza kudeaketa erakundearen kudeaketa arruntean txertatzea, hizkuntza planaren betetze-maila neurtzea beste plan guztiak bezala eta emaitza gardentasunez gizarteratzea.
Erantzukizuna
Erakundeek oro har, eta publikoek bereziki, badute gizartearekin erantzukizun argi bat: bizikidetza hobetzeko aukera berdintasuna bermatzea, baita hizkuntza esparruan ere. Hain zuzen, hizkuntza desoreka nabarmena denean jarrera orekatzailea hartzea dagokie, euskaraz egin daitekeena euskaraz eginda, erakunde barruan nahiz gizarteari begira. Edo hizkuntza ekologiak dioen bezala: hizkuntza aniztasunari eusteko, hizkuntza txikiari funtzio propioak eman behar zaizkio, beharrezkoa izan dadin. Funtzio propio oso garrantzitsu bat da administrazioaren hizkuntza nagusia bihurtzea, noski.
Labur, antzeko musika entzuten dut nik Kontseiluaren proposamenean, GFAren plangintzan eta HPSren asmoetan, bakoitzak bere instrumentuekin jota. Ez dirudi ezinezkoa musika hori partitura batera eramatea, melodiaren xehetasun asko eta erritmoaren oinarria adostuta. Aukera badago akordio politiko sendoetarako, eta premia gorrian dago euskararen biziberritze prozesua jauzi esanguratsua egiteko. Euskal administrazioen hizkuntza konpromiso sendoa palanka ezin hobea litzateke jauzi horretarako.
Soinu harmonikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu