Sisiforen harri berriak

Endika Alabort Amundarain.
2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Europako alderdi progresistek hurbiletik jarraituko dituzte greziar gobernu berriaren erronkak, lehenengo arduren artean zorraren birnegoziazioa baitago, helburu nagusia Grezia krisitik ateratzea izanik.

Costas Lapavitsas ekonomialariak krisi hau gainditzeko hiru alternatiba ondo definitu ditu. Lehenengoa, austeritatearekin jarraitzea, dogma neoliberalak agintzen duen moduan. Zoritxarrez, greziarrek ondo ezagutzen dituzte neurri mota horien ondorioak. Bigarrena, Euroa eta Eurosistema eraldatzea, dauden erakundeen funtzioak aldatuz (Europar Banku Zentrala, MEDE - Egonkortasunerako Europako Baliabidea, beste batzuen artean),euro on bat eraikiz. Hirugarren bidea eurotik ateratzea da, krisia gainditzeko. Alternatiba bakoitzak bere alde positiboak eta negatiboak ditu, eta eragin ezberdinak zorra negoziatzeko orduan. Yanis Varoufakis ekonomia ministro berria bigarren bidearen alde agertu da, eta dirudienez hori izango da gobernuaren aukera; austeritate gehiago ez, baina eurosistemaren parte izan.

Zorraren arazoa gainditzeko honen berregituraketa egin daiteke, edo auditoretza prozesu indartsu bat. Zorraren auditoretza herritarrak, gizarte mobilizazioa eta herritarrak protagonistak izatea eskatzen du, prozesu politiko bat baita. Zor ez-legitimoak alde batera uztea eta ez ordaintzea dakar, hori aurreikusten ez duen auditoretza ez da auditoretza herritar erreal bat. Ekuador da denboran hurbilen dugun kasua baina ezin da zuzenean estrapolatu, horren baldintzak Greziarekin alderatuz oso ezberdinak baitira: petrolio ekoizlea da, moneta subiranotasun handiagoa du… beste elementuen artean. Negoziazioa erabiliz zorra berregituratzeak, aldiz, bi aldeen arteko kooperazioa eskatzen du, eta orain arte ikusi denez, hartzekodunen baldintzak oso gogorrak izan dira, kooperazio hori existitzen ez dela argi utziz.

Krisitik ateratzeko alternatiben artean soilik bigarren bidea jarraitzea adosten bada, hirugarrena alde batera utzita, berregituraketaren negoziazioa zailago bihurtzen da. Hartzekodunek jada negoziazioari mugak jarri dizkiete, hartzekodun horiek Europako estatuak baitira, sektore pribatuak ez du ia ezer arriskatzen. 2012ko erreskatean, hartzekodunak bankuak ziren; gaur egun, aldiz, ez. Horregatik, greziar gobernu berriak beren negoziazio marjina handitu beharko luke, aukeren artean eurotik ateratzea bat izaten. Apustu arriskutsua da, baina herrialdearen egoerak horrelako jarrera eskatzen du.

Zer gertatuko den aurreikustea ez da batere erraza, baina aurrekoa kontuan izanik, ez dirudi negoziazio hau gatazkatsuegia izango denik, zorraren parte handi bat europar estatuen esku baitago. Zorraren parte baten kitapena edo baldintzak malgutuko balira, horren eragina guztiok jasango genuke, ez banku pribatuek, jada hartzekodunak ez direlako.

Baldintzak zeintzuk diren jakinda, posible da zorraren barkamen bat ematea, zati baten kitapen batekin. Gainera, eragin politikoak izan ditzake, Europar Hegoaldean egoera zertxobait leuntzen den heinean, testuinguru politikoa lasaituz, haustura irtenbideak urrunduz.

Azken finean, bi aldeek (gobernu berriak eta hartzekodunek, europar estatuak) negoziazioaren mugak definitu dituzte eta marjina horietan jokatu. Greziak ez du hausturarik nahi (badirudi hori dela beren apustua) eta Europak ere ez, dirudienez; Europak hausturaren bideari jarraituko balio, botere ekonomikoak beste Europar Batasun eta Eurosistema bat nahi duelako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.