Siriako diktadura, EI eta errefuxiatuak

BERRIA.
Santiago Alba Rico.
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Siriako errefuxiatuen krisia» deritzonak behartzen du analisia bi mailatan egitera. Lehena da ihesi daudenei premiazko arreta ematea, zalantzarik gabe. Gure gobernuei eskaera egitera garamatza, etorkinak hartzeko kuotak eta Europako Batasuneko babes politikak berriz begiratzeko. Eztabaida honek, premiaren ondorioz, geure mugetako egiturazko genozidioa baztertzen du. Zalantzazkoa eta arriskutsua den bereizketa hedatzen du, «etorkin» eta «errefuxiatu» artekoa,pertsonen mugimendu librerako eskubide unibertsala izanda ere pasaporteen balioa bereizkeriaz josten du. Aurrez aurreko argi bat dago. Batetik, gobernuak eta eskuineko alderdiak; bestetik, ezkerra bere osotasunean.

Baina badago beste maila bateko analisia geopolitikarekin eta Ekialde Hurbilean dauden aliantzekin zerikusia duena. Bat-bateko etorkinen elgorriaren ondorioz —dirudienez Europarengan iraultzen dutenak euren mina, eta orain arte Siriarekin muga egiten zuten herrialdeek jasaten zutena (Turkia, Libano eta Jordania)—, iritzi publikoaren pertzepzioak lotu du Siriako exodoa Estatu Islamikoaren indarkeriarekin. Faltsua da lotura hori. UNHCRen arabera, 2014ko ekainaren 11n, EIk Iraki eta Siriari eraso aurretik, hiru milioi errefuxiatu zeuden, eta azkeneko urtean beste milioi bat handitu bada kopurua,Europak eta AEBek Turkia, Libano eta Jordaniako errefuxiatu esparruetarako laguntzak gutxitu dituztelako handitu da.

Era berean, gogoratu behar da, hainbat erakunderen arabera (Siriako Behatokia, Amnesty International eta Human Rigths Watch), Baxar al-Assaden erregimen kriminalari egotzi dietela Siriako gatazkaren biktima zibilen %90 azken lau urteetan. 10.000 inguru (2.770 haurrak) dinamita upelekin egindako bonbardaketen ondorioz hil ziren aurten, lehen sei hiletan. Bestalde, hiltzaile jihadistek lehen urtean 1.100 eta 1.900 zibil artean hil dituzte; 100 baino gehiago, haurrak.

Datu hauekin, gure iritzi publikoan ezarri dena da siriarrentzat —eta Europarentzat—arriskutsuena Estatu Islamikoa dela. Eta hemen, mingarria bada ere, ados daude errefuxiatuak marmarka artatzen dituzten gobernuak, EI areriotzat hartzen dituzten eskuin muturrekoak eta ezkerreko sektore bat, anti-inperialista, Baxar al-Assaden krimenak babesten dituena.

Erakunde ultranazionalekin eta faxistekin bat eginda, pardiezker estalibanak beretzat hartzen du Sputnik Errusiako agentziak eta al-Assadek berak igorritako informazioa. Haien arabera, milaka jihadista EBn sartzen ari dira pasaporte faltsuekin, errefuxiatuen artean ezkutatuta, europarren aurka atentatuak egiteko.

Europako gobernuak erabiltzen ari dira mehatxu jihadista eta errefuxiatuekiko samina Sirian esku hartze handiagoa proposatzeko eta Siriako erregimenaren berritze bat planteatzeko. Erregimen hori eraisteari uko egin zioten mendebaldeko potentziek, eta AEBen eta Iranen arteko akordioaren ostean, bazkide pribilegiatua bihurtu da edozein konponbide politikorako.

Siriarren samina era batera edo bestera arindu egin behar da. Baina ez ditzagun ahaztu inoiz min horren erantzuleak eta Siriako demokraziaren porrotaren erantzuleak: batetik, Al-Assaden erregimena eta babestu dutenena (Errusia, Iran, Hizbullah); baina baita modu hipokritan borrokatu direnena ere, ezer egin gabe, edo gaur bonbardatu behar diren jihadista haiei armak helarazi dizkietenena (Arabia Saudi, Turkia, AEB eta EB). Kontuz: EIk Al-Assaden diktadura justifikatzen badu, Siriarako konponbide txar batek justifikatuko du Estatu Islamikoa, eta sufrimendu guztiak areagotuko ditu: diktadura gehiago, bonbardaketa gehiago, errefuxiatu gehiago, terrorismo gehiago. Eta berriz hastera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.