- Zelan daude indaba horiek?
- Faaabeak.
- Baaale, bueeeno, zelan daude fabe horiek?
- Ederrak, etxeko moduan. Inbidiarik, ala?
- Apur bat bai. Utzi aprobatzen, mese.
- Hartu, ba... Beittu, azkenean ez da plan horren txarra izan Arriondaseraino etortzea. Herritik apur bat irten, toki berri bat ezagutu eta ondo bazkaldu, gehiegikeriarik gabe, baina ondo.
- Zer gehiago eskatu asteburuari? Ez dugu aparteko luxurik behar, ezta jateko exotikorik ere...
- Neska, zu ospitaleko jatekoarekin ere gustura! Kar!
- Ez zaituztelako zu sekula izan dieta absolutuan, hainbat egunetan ezer jan eta edan barik; horrela balitz, hobeto eskertuko zenuke aurrean ipintzen dizuten edozer, tontoliña hori, kar!

- Moja errebeldeen jatetxera etortzeko proposatu zenuenean ez nuen oso argi ikusi, baina, azkenean, ez da okurrentzia txarra izan.
- Ba, eskerrak erreserbatu genuela! Ez nuen horrenbeste jenderik espero, baina badirudi kuriositateak eta morboak hainbat laguni egin diela haginka.
- Guri ez eze, kar!
- Kuriositatea bai, baina nik, behintzat, ekarpen xumea ere egin nahi nuen. Ea negozioak funtzionatzen dien.
- Beharko dute, zor handiak ei dauzkate eta.
- Bai, antza. Zuk ba al zenekien mojek ez daukatela soldatarik? Abadeek bai. Horiek hilero kobratzen dute. Nik ez nekien ezer. Bueno, egia esan, horretan erreparatu edo pentsatzeko paradarik ere ez dut atera inoiz.
- Abadeek bai eta mojek ez? Hori desberdinkeria hori, ezta?
- Bueno, Kredoarekin, sakramentuekin eta moral katolikoarekin batera, misoginia eta sexismoa elizaren oinarrietako bat izan dira betidanik.
- Eta nondik irteten da diru hori, ba?
- Flipatuko duzu, neska. Errenta aitorpeneko X markatzeko iragarkiak ikusita dauzkazu, ezta?
- Ez esan diru horrekin finantzatzen denik!
- Hortik batzen dituzten 10 eurotatik 8 abadeen eta apezpikuen soldatak ordaintzera doaz eta gainontzeko euro biak, ia osorik, Gizarte Segurantzara.
- Orduan, Caritas kutsua daukaten iragarki horien atzean hierarkia katolikoaren finantzaketa ezkutatzen da? Ederra marketin tranpati eta gezurteroa!
- Eliza katolikoa abila da marketinean. Ikusi, bestela, zer geratu den Bergogliorekin. Halako aita santu progresistatzat saldu zuten...
- Eta ez da horrela? Horren arin ahaztu zaizu Ratzinger faxista, ala?
- Esan nahi dudana da Aita Patxik ez duela ezer egin. Urrezko osagarriak zilarrezkoekin ordezkatu eta zapata beltz zaharrak jantzi. Eliza katolikoa XXI. mendera ekarri behar omen zuen hau kolpe komunikatiboka mugitu da: berba politak, baina ganorazko erreformarik batere ez.
- XXI. mendea bete-betean! Kar! Ni bai fijatu naiz gauza batean: gatazkatsuak izan daitezkeen kontuak, gehienetan, zerutik botatzen dituela; esan nahi dut, prentsari halako adierazpenak egin dizkionean, normalean, abioi barruan zihoazen denak. Horrela egin izan du homosexualitateari dagozkion aferekin, adibidez.
- Hala ez du inoren Estaturen lurraldetik egiten. Dena dago ondo-ondo neurtuta.
- Bai. Eta horrexetan gelditzen da, adierazpen hutsetan.
- Beinke! Eliza katolikoa benetan erreformatu nahi izanez gero, Kontzilio berri batera deituko zukeen. Horixe da mundu guztiak espero zuena. Baina kaka. Beren helburua ez da sekula hori izan. Eliza katolikoa influentzia eta indarra galtzen ari da aspalditik. Ez da kasualitatea azken aita santua latinoamerikarra izatea. Munduko parte horretan mende eta mendeetan jaun eta jabe izan ostean, protestantismoa arineketan ari zen posizioak irabazten. Bergoglioren agindu eta egiteko nagusia horixe izan zen, odoluste hori geldiaraztea. Eta hori ezin da jarrera atzerakoiekin lortu.
- Politika hutsa.
- Bai. Horrexegatik da interesgarria. Ala sinestun bihurtu naizela pentsatzen zenuen?
- Ezta hurrik eman ere, kar! Beste modu bateko sinestunak izan gara eta beittu...
- Aha!
- Eta mojen inguruan genbiltzala... komunikabideek ez dituzte batere ondo tratatu. Gatazka hasi zenetik itxura eman dit ia adintxikikotzat edo erdi memelotzat jo izan dituztela. Hala egin zuten apezpiku faltsua deitu izan den morroi horren kontuarekin, adibidez, denek eman zuten jakintzat gizon horrek atzetik kontrolatzen zituela... Ez zitzaien beste aukerarik burutik pasatu.
- Eta laster batean pikutara bidali zuten! Kar!
- Moja hauek ez daude batere pozik, ez. Eta esango nuke fenomeno global baten beste adierazpide bat baino ez direla. Mundu zabalean altxatzen ari dira. Azken urteotako greba feministekin bat egin dute eta dena. Zer uste zuten, ba? Feminismoaren olatuak ez zituela eurak ere bustiko, ala? Beti atzean gelditzea onartuko zutela, besterik gabe, menderik mende? Eliza sinodo bi egitera beharturik egon da eta dena.
- Eta?
- Berriketa asko... eta ezetz jakin zein izan zen erantzuna!
- Zein?
- Ez dela momentua! Kar!
- Beste 2.000 urte itxaroteko? Lotsabako halakoak! Ba eliza katolikoko emakumeak, moja eta seglarrak, benetan matxinatzen badira, bati baino gehiagori potroak eztarrira igoko zaizkio. Mundu hori ere andreek mugiarazten dute, eta jakin badakite.
- Euren gogo-bihotzetan emakume askeak dira eta oraindik ez dakite zelan uztartu antsia hori estutzen dituen zilizioarekin.
- Dudatan nago hori posible denik.