sonia gonzalez

Lau

2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Arrandegian ohi baino jende gehiago pilatzen da gaur. Ez da aparteko jairik bistan, ezta atuna, sardinak eta antxoak dakartzan uda partea ere. Kausalitatetik ez, beraz. Kasualitateari egotzi dio baita arrain saltzaileak ere, hurrengoaren txanda galdetzerakoan.

—Uiii… Ez dakizu zer ikusi nuen lehengo egunean telebistan!

—Telebistan? Edozer… Ea ba, zer?

—Erregearen iloba, ez dakit zelako probak egiten, sabaitik eskegita edo halako zeozer…

—Ez zenekien, ala? Borboiek eta enparauek telebistako parrilla hartuta daukate! Kar! Masterchef, Supervivientes, Mask Singer, El Desafío… goi noblezia eta behe noblezia programaren zenbaki eta katxearen arabera banandurik. Badakizu, horretan ere mailak eta mailak daude.

—Eta, nobleziaz gain, ogibide argirik ez duen elitea eta politikari ohiak ere bai. Baina hau ez da gauza berria, neska. Halakoak betidanik izan ditugu aldizkarietan eta telebistan.

—Halantxerik, bai. Baina sasoi batean inbiria edo miresmena sorraraztea bilatzen zen, bizimodu arranditsu eta distiratsua erakutsita. Dirudienez, hori, jadanik, ez da nahikoa. Gure lakoak direla ere erakutsi behar omen dute. Gogoratzen al duzu harako kulebroia, Los ricos también lloran?

—Maitti, nagusia naiz, baina ez horren zaharra! Kar!

—Nik ere ez daukat ikusita, kar!, baina izenburua ondo adierazgarria da: sentipen, emozio, grina, pena eta poztasunak partekatzen ditugula erakutsi nahi dute.

—Eta ez da horrela, ala?

—Bai eta ez. Eta hemen dator arriskua. Utz dezagun albo batera telebistarako produktuez ari garela. Utz dezagun aparte bakoitzak eman nahi duen irudia ematen duela eta askok argi daukatela irudi hori errehabilitatzeko beharra daukatela.

—Cifuentesen kasua paradigmatikoa izan liteke.

—Beinke! Ba imajina dezagun ikusten dugun alde hori benetako alde humanoa dela. Demagun pertsonaia benetako pertsona dela, larregi suposatzea bada ere. Beste pertsona batzuen artean gauden momentutik, denok dakigunez, gure filia eta fobiak aktibatzen dira eta edozelako loturak sortzen dira, baita estimu eta kolaboraziorako loturak dei genitzakeenak ere.

—Ohikoa den bezala.

—Horixe, ohikoa den bezala. Izaki humano guztiok jokatzen dugu horrela gure ingurukoekin, psikopatak aparte (nahiz eta hauek plantak egiten ondo jakin)…

—Ez aipatu psikopatak! Ba al dakizu zenbat psikopata diren administrazio kontseiluetan?

—Espetxeetan baino gehiago, baina goazen harira. Gure espeziea halako loturak sortzeko prestaturik dago genetikoki. Izaki humanoon biziraupena eta eboluzioa halako harreman sozialen menpekoa izan da hastapenetatik.

—Orduan ez dakit zelan neurtu behar dugun ontasuna, ez bada besteekiko harremanetan…

—Nire ustetan, funtsa ez da hurkoekin jokatzeko modua. Familia, lagunak, ingurukoak edo gure parekoak tratatzen ditugun modutik harago, Bestea, batez ere beheragoko botere egoera batean dagoena, tratatzen dugun erak ezaugarritzen gaitu.

—Horrela neurtuz gero, beren burua ezkerrekotzat duten asko ere hastandu beharko genituzke.

—Honetaz ere luze egin genezake, Matusalenek lehenengo buru komina izan zuen egunekoa baino zaharragoa da eta!

(ID_17383267904415) (/EZEZAGUNA)
PAULA ROSON

—Legatz eder bat, mesedez. Ez, ez, hori ez, hobeto beste hori. Eta ipini txirla batzuk ere… Pare bat eskukada edo…

—Sozialki galarazita daukagun esparru horretako parte sentitzeko nahiaz altxatu zara gaur, ala?

—Ez bereziki. Hala balitz, bixigua erosiko nukeen, kar!

—Hori ordainketa egunean ere ez, kar!

—Ez al dute kriptobro guztiek lamborghiniekin amesten? Ba nik bixigu ederrekin, kar! Badakizu zer uste dudan nik? Erakusten diguten eta sekula erdietsiko ez dugun mundu hori ikusteko hiru kokapen ezberdin daudela: zenbaitek goitik egiten dute, halako nagusitasun moral, etiko edo intelektual batekin, zure moduan, adibidez…

—E!

—…beste batzuek maila beretik ikusten dute, euren burua pantailan agertzen diren pertsona horiengan islaturik, eta zenbaitek behetik egiten dute, inbiriaz edo ilusioz, azken batez, bizimodu hori desiatzen.

—Bai, baina, zoritxarrez, gero eta jende gutxiagok ikusten ditu aurrez aurre, euren existentzia hutsa gure bizi baldintzen erantzulea dela jabeturik. Ez dira erakutsi nahi dizkiguten izaki neutroak. Lagunen lagunak izan ahal dira, bai, baina, San Jeronimok Hebidiari Epistolan esan legez, aberats guztiak lapurrak edo lapurren seme-alabak dira.

—Klase gorrotoa leporatuko dizute.

—Ezin naute akusatu mundua, mundu denetik, mugiarazten duen indarraz. Zuk ere ondo dakizu klase borrokak inoiz baino sendoago dirauela, baina goikoak direla irabazten ari direnak.

—Warren Buffet milioidunak onartu legez.

—Darabilten aurpegi zuriketak gerra horretako alderdi bat aratz-garbi uzten du. Zori onaren produktuak ei dira eta ez dominazio sistemaren erpina. Hierarkia emaitza naturala da. Izan ere, hierarkiarik ere ez da, pantailatik erakusten diguten bezala, grina humanoak sentitze hutsak berdintzen gaituelakoan. Horrela, normala da klase gorrotoa behekooi baino ez egoztea, gorrotatuenak izan arren, gurea gerra defentsiboa, zapalketari erantzuna, baino ez bada ere.

—Bua, neska, zelan altxatu zaren gaur!

Ya ves

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.