Plazan ume musugorriak korrika dabiltza, elkarren atzetik edota noraezean, oporren azken egunei zukua atera nahian. Kaletik bufandak eta eskularruak, txapelak eta txanoak. Besarkadak, irriak eta zorion agurrak iaztik oraindik elkar ikusi ez duten lagunen artean.
— Urte berri on!
— Halan ekarri! Zelan, neska?
— Ederto batean. Badakizu zelakoak diren egun hauek... familiarekin eta lagunekin egon, umeak, erregaluak, mandatuak, jan, edan... eta jan eta edan...
— Eta jatekoa prestatu.
— Bai, bai, horixe ere bai... atx! Eskerrak amaitzear den! Kar!
— Hurrengo baterako egizu aurten A-k egin duena.
— Zer egin du, ba? Edozer...
— Ba gizona eta kotxea hartu eta X jatetxera arte joan ziren.
— Ez da txarra, ez. Seguruenik esango zuen behingoagatik berak ere nahi duela mahaian jesarri, afaria beste norbaitek arretik ipini diezaion. Baina X-ra? Aparteko paga bertan utziko zuen, ezta?
— Bueno, badakizu zelakoa den... itxurakeriak eta... Nire familia delako, bestela... kar!
— Ez dut jakin nahi zenbat ordaindu zuen, baina baietz like pila bat lortu, kar!
— Ez, ez duzu jakin nahi, benetan. Ze ostia! Zatoz! Belarrira esango dizut.
— Eneeeeee... Agian flamenkoen mihiak eta gameluen orpoak zerbitzatu zizkioten, antzinako Erroman bezala.
— Halako foodie-etako bat da. Munduko beste puntako osagaiak goresten eta superelikagaien bila beti...
— Eta seguru ez dela kapaza lapikoko sinple bat ere egiteko... kar! Hala ere, txarrena da halako modek, pijokerietatik harago, ondorio katastrofikoak izaten dituztela sarri. Kinoarekin gertatu zen bezala. Moda ziztrin horrengatik kinoaren prezioa Andeetan hirukoiztu zen. Han oinarri-oinarrizko elikagaia da eta oilaskoa baino garestiago egotera heldu zen. Merkatuaren ehotarrian goroldiorik ez...
— Neuk ere esaten nion orduan: dilistak jan itzazu, horiek ere superelikagaia dira! Baina alferrik. Muina ez da elikadura, muina sarearen erakusleihoa da.
— Dilistak ez dira cool. Badakizu, atsoen jatekoa dira, antza.
— Gastronomia kultura da, herrien historia eta identitatearen isla. Ondo pentsatzen baduzu, darabilgun adibide hau ezin aproposagoa da Mendebaldeko «kultura» irudikatzeko.
— Bai, neska, ez dago txarto ekarria... kar!
— Gainera, gastronomia, kultura-adierazpide guztien antzera, jendarteetako egitura sozialaren markatzailea ere bada. Zer jaten den eta zelan jaten den, mendez mende, elitea herritik bereizteko erabili izan da. Gastronomia soziopolitika ere bada...
— Sukaldaritzaren azken boom-ak, bere su artifizialekin eta nomina erdi baten besteko menuekin, jatetxeak boterearen esparru bihurtu ditu, arrandiarako toki.
— Sukaldariek izar bihurtu nahi dute, izarrak edo eguzkiak kolekzionatu eta zerura heldu nabarmenkeria eta xelebrekeria artean. Eurak ere elite ekonomiko bilakatu dira, Forbes eta The Riches moduko aldizkarietan ondasunak neurtzen.
— Aizu! Orain aipatu duzula, betidanik iruditu zait bitxi samar nork ematen dituen izarrak eta eguzkiak: neumatiko eta erregaien enpresa handiek... Ez dirudi horren atzean gastronomia denik interesik handiena.
— Jatekoa bera ere ez da inportanteena luxuzko merkatu bihurtzen denean. Inportantea den bakarra prezioa da. Luxuak asetzen duen helburu bakarra ordaindu ez dutenetatik bereiztea da. Ala ez duzu gogoratzen harako influentzerra 200 euroko meloi hura sekulako atsegin eta gozamenaz jaten?
— Baina, neska, azalpena ere eman zuen, e? Meloia horren garestia da, hazten ari denean, gainontzeko meloiak mozten dituztelako, arbolak, adi, ar-bo-lak, nutriente guztiak meloi bakar batean kontzentra ditzan! Kar!
— Horra hor eskola pribatuetako listoak! Hobe amak seme-alaba bakarra ekarri izan balu, neuronak buru bakarrean kontzentratu ahal izateko. Kar!
— Aberatsak beste aberats batzuei jaten ematen: elitea mahai baten bueltan konspiratzen.
— Inguru, zirkulu, kuadrilla selektoak osatzen... Gero eta aberats gehiago daude, badakizu... bueno, eta gero eta pobre gehiago.
— Zehatzago azaldu, maitti: zenbat eta pobre gehiago, orduan eta aberats gehiago. Errenten eskualdaketa ez da berez suertatzen den fenomeno neutroa.
— Barkatu, señora, nire zehaztasun faltagatik, kar! Edozelan, are txarragoa da inuzente moduan zirkulu hori zapaltzeko desiran egotea, horren parte garela sentitzeko, egun soil batez baino ez bada ere.
— Hori ez da aparteko portaera historian. Oraingo honetan, gainera, hedonismo eta eskapismo grinak ere bultzatzen gaitu. Bizitzen ari garen sasoi ezegonkor eta datorkigun etorkizun ilun eta latzaren aurrean, horixe da jendarte moduan egin bide dugun hautua.
— Ufa, neska, hori hurrengo baterako, e? Jatekoa amaitu behar dut oraindik eta berandu da.
— Zer daukazue bazkaltzeko, ba?
— Aberatsak edota (han)burgesak jaten ditugun arte, lapikoko goxoa: garbantzuak, sobran geratu ziren otarrainxkekin. Zer iruditzen zaizu?
— Jatekoa beste inorentzat prestatzea maitasun ekintza ere badela. Beste inor elikatzen dugunean, zaintzen dugu eta, gainera, jatea plazera ere badenez, plazera eman nahi izaten dugu kozinatzen dugunean.