sonia gonzalez

Bost

2025eko martxoaren 2a
05:00
Entzun

Ez da erraza portuko taberna honen kanpoaldean jesarleku librerik topatzea. Eguzki izpiren batek hodeiak zeharkatzea lortzen duenerako, lauzpabost mahaiak beterik dira. Suertea izan da gaurkoan, hala ere; seguruenik, lagun biak bila ez zebiltzalako.

Bost arma
PAULA ROSON

- Ai, ai, ai… Arin, neska! Jesarri hor!

- Itxaron, ba! Ez naiz orain korrika hasiko terraza batean jesartzearren! Erreputazio bat daukat herri honetan, e?

- Kar! Bat baino gehiago! Eta agian ez dira zuk uste modukoak! Kar!

- Kar! Lerda hori…! Ea ba, atera raba batzuk, errazio handia, eta zeuk pagatu, merezita daukazu eta!

- Atx! Zelakoa zaren… Benetan be, atzamar puntetan hazita zaude, e?

- Gustura egoten da hemen eguzkitan.

- Eguzkirik preziatuena da negukoa. Sinesgaitza da justu orain Lurra eguzkitik askoz hurbilago egotea udan baino.

- Beinke! Hainbeste gauza sinesgaitz daude, ze…. Esaterako, nik lobbyak beti irudikatu ditut han.

- Han, non?

- Ez dakit, han… baina ez hemen. Ez txarto ulertu, ez naiz iñuzentea, jakin badakit horrelakoak gurean ere badirela, baina ikustea zelako topekada jo duten oraingo honetan, armak gora eta armak behera… Laaatza!

- Gerra hotsak dira nonahi. Negoziorako aprobetxatzen ari dira.

- Ondo aprobetxaturik gainera. Ba al zenekien Hego Euskal Herrian azken 20 urteetan armagintzan aritzen diren enpresa eta abarrak hirukoiztu direla? 206 dauzkagu honezkero!

- Eta zuk ba al zenekien Europako armagintza enpresek goia jo dutela burtsan?

- Normala! Iaz Von der Leyenek gaztigatu bezala, armagitzan «gehiago gastatu, hobeto gastatu eta Europan gastatu» behar ei dugu.

- Zer gertatzen da, ba? «Trantsizio ekologiko» deitu zuten horrek ez al du ematen eman beharko lukeen guztia, ala?

- Batek daki, baina, kapitalismoaren salbamendua izan behar omen den sasi-trantsizio energetiko eta digital horretarako, lehengaiak funtsezkoak dira. Petrolioarekin gertatu bezala, horiexek kontrolatzea dago orain jopuntuan. Ala ez al dira lur arraroak Ukrainatik atera nahi duten lehenengokoa?

- Horrexegatik. Txostenek eta numeroek eta grafikek erakusten digute zelako ona izan daitekeen euskal ekonomiarako armagintzan inbertitzea, armagintza eta energia nuklearra aukera bikaina direla. Led argietan, torlojuetan edo Halloween goxokietan inbertitzea bailitzan.

- Poltsikoratutako euro bakoitzean ume baten begi-zulo hilak islatuko ez balira bezala.

- Ekonomia: subjektuak eta inguruko baldintzak kontuan hartzen ez dituen zientzia bakarra.

- Zuk badakizu ekonomia ez dela zientzia, ezta? Badakizu matematikak erabiltze hutsak ez duela diziplina bat zientzia bihurtzen, ezta? Zientzia izateko, ezer baino lehen, metodo zientifikoa aplikatu beharko luke, errealitatearen behaketatik hasten dena eta, hipotesia baieztatzeko edo gezurtatzeko, errealitatearen behaketarekin amaitzen dena. Baina merkatu-ekonomiak ez du halakorik egiten: asmatutako modelo abstraktuak ez bazaizkio errealitateari doitzen, ahaztu errealitatea. Gogoratu 2008ko krisia, inork ez zuen aurreikusi, baina inork ez zuen autokritikarik egin. Eta teoria ekonomiko berberekin jarraitzen dugu.

- Ez dakit nik, Cristina Garmendia gogoratzen duzu? Zapateroren Zientzia ministroa izan zen donostiar hori? Ba bere ekonomiak ondo hoberantz egin du azkenaldi honetan, Satlantis, Everis eta armagintzako bestelako txiringitoetan. Adibidez.

- «Defentsan» inbertitzea bakean inbertitzea dela esanda desenkusatuko da. Seguru.

- Armak eta bakea, hori oximoron hori! Defentsa Ministerioak pasa den mendeko erdialdera arte «Gerra Ministerio» deitzen ziren Europa osoan. Orduan hobeto ulertzen zen dena.

- Hala ere, Europan defentsa hutsaren ideia saltzea ez da beste latitude batzuetan bezain erraza. Beste kontakizun bat ere gehitu behar diote: armagintzan inbertitzea ona da, segurtasuna ez ezik, lanpostuak eta hazkunde ekonomikoa ere sortzen dituelako. Margarita Roblesek esan zuenez, armagintzan inbertitzea gastu soziala da, horrek lanpostuak sortzen dituelako. Ez dut andra hori aguantatzen, benetan…

- Jakin beharko luke armagintza enpresak birmoldatzeak etekin sozial handiagoa dakarrela! Beittu zer gertatu zen Orbearekin, pistolak egitetik bizikletak egitera.

- Edozein kasutan, gerra saihetsezina dela konbentzitzea lortzen ari dira. Oraindik ez dakigu zein den etsaia, Putin eta Trump laguntxoak ei direla eta Txina Europarantz gehiago hurbiltzen hasi dela. Baina balizko patu horren aurrean, prestatu behar ei gara.

- Eta, agian, saihetsezina da, diru-gosea den bezalaxe. Baina heriotzaren negozioa eta nekroekonomia saltzen digute eta guk irentsi egiten dugu, antimilitarismo berba ahaztu dugu eta aurre egin edo kontrajarriko den indarrik ez da inondik ageri, ezta ideologikoki ere.

- Ez dut uste inoiz antimilitarismoan sinistu dugunik. Honetan ere, beste kasu askotan bezala, funtsean, geurekoiak gara. Espainiako No a la guerra hura arin ahaztu zen. Eta hemen, Hegoaldean, derrigorrezko soldadutza amaitu zenean, jendeak ez zuen askoz gehiagorik jakin nahi izan. Hurrengo gerraren batek atean jo arte itxaron beharko da, edo.

- Ez dakit ba, baina beste erronda bat aterako dut. Datorrena datorrela, txolinduta harrapa nazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.