Ur gazia eta ur geza paduran nahasten dira, marroiak eta berdeak bezala, behar baino beroago urratu den oskarbiaren azpian. Gartza zuri bi urrunean, zeru bete izpiari desafiatzen.
- Ba, egia esan, ez dakit zer hartu… beste kafesne bat? Larregi, ezta?
- Ai, neska, ardo zuri bana hartuko dugu! Ordu prudentea da eta!
- Hori hala da, ordu inprudenteak hirugarren ardotik aurrera datoz.
- Gainera, badakizu, ardoa edaten duten andre nagusiak beti dira fidatzekoak… kar!
- Eta, orain, andre nagusiak geu garenez… Gainera, hemen chardonnay daukate. Fidatzekoak eta eleganteak.
- Aprobetxa dezagun. Baliteke laster batean ardorik ez izatea.
- Hala abisatu dute… Edozelan, kafea ere galtzeko arriskuan ei dago.
- Horixe bizimodu tristea… Gu, behintzat, ez gara munduan egongo! Kar!
- Ez egin barre! Halaxe pentsatzen dute galzorira eramaten gaituztenek: eurak, bizirik dauden bitartean, ez dutela arazorik izango, gabezia pobreen arazoa delako beti, eta ez daudenean, bost!
- Halantxerik! Inguru honekin egin nahi duten bezala, ezta? Urdaibai suntsitu, sosak atera eta ardurarik ez euren erabakiek dakartzaten ondorioez.
- Erabaki, berba gakoa. Berdin da non edo historiako ze momentutan, horixe da afera nagusia: nork erabakitzen duen eta noren onuraz egiten duen.
- Lurraldea, premiak, osasuna, ura, gabeziak eta ilusioak… ez dira gureak, beste batzuen negozio hobiak baizik. Eta gu, habitik hobira, ez gara gu, beste batzuek irabazi dezaten, irazi daitezkeen bitartekoak baino. Norena den Urdaibai… taxuzko galdera. Batzuena? besteena?
- Badakizu zer gertatzen den? Batzuk zein besteak, denok garela izaki humanoak. Nork erabaki eta norena izan… nahasten ditugulakoan nago. Biosferaren erreserba dela esaten dugu, baina akaso sakon pentsatzen al dugu zer esan nahi duen horrek?
- Eskolan ikasi genuen. Biosfera: bizitza dagoen Lurraren eremua.
- Hori baino askoz gehiago da, neska! Sinistuta gaude inguratzen gaituen guztia gure momentuko apetak eta nahiak betetzeko dagoela hor. Horixe galbidearen oinarria. Animaliak eta landareak ez gaude isolaturik, harreman ehundura konplexua osatzen dugu. Espezie guztiak elkarren menpekoak gara, elkar behar dugu. Espezie guztiek bizitza ehuntzen dute eta ahazten zaigu gu ere ehundura horri esker gaudela bizirik. Ehundura hori gabe, gureak egin du.
- Ez nekien animaliak hainbeste gustatzen zaizkizunik.
- Bai, batez ere plater gainean.
- Edo horren ekologista zinenik.
- Badakizu ez dudala sekula neure burua ekologistatzat izan. Neurekoia naiz. Neure espeziean pentsatzen dut. Neure espeziearen iraupenean. Aldaketa klimatikoaz ohartarazten da eta, hala ere, hondamendiak suertatzen direnean baino ez dago lehen lerroan. Baina sortu dugun arriskua askoz harago doa. Biodibertsitatearen galeraz, adibidez, txintik ez.
- Irudi benetan penagarriak ikusten dira telebistatik…
- Funtsa ez da pena sentitzea hezurretan dagoen Poloko hartzagatik. Lurreko ugaztun guztietatik, %4 baino ez dira basatiak, %36 izaki humanoak gara eta gainontzeko %60 abereak. Eta ba al dakizu eraiki dugun guztiaren masak izaki bizidun guztion, landare zein animalia guztion, pisua gainditu duela honezkero?
- Ai, ene! Aizu, parabrisaren efektuaz entzun al duzu? Duela gutxi kotxez edozein bidaia egiten genuela, parabrisa hildako intsektuz beteten zen, gora arte bete, gainera. Noiztik ez zaizu horrelakorik gertatu?
- Isilean eztanda egiten ari den katastrofe anbientala da. Bumeranaren kolpe izugarria hartuko dugu musturrean. Espezieen desagerpena ekosistemak desorekatzen ari da, zerbitzu ekosistemikoak murrizten ari da…
- Zerbitzu ekosistemikoak?
- Bai ekosistemak egiten dizkigun zerbitzuak, hala nola polinizazioa, uraren eta haizearen purifikazioa, uholde eta sikateen aurreko babesa… Zerbitzuen kapitalismoan inork ez du horretan erreparatzen.
- Doakoak dira, ez da inor aberasten. Kapitalismoa berdea da, baldin eta negozioa atera ahal badu. Horregatik PNV eta enparauei hiru B-etatik (Beheratu, Berrerabili eta Birziklatu) azkena baino ez zaie interesatzen, ganoraz ez egiteko, gainera.
- Ahaztu barik, espezie bakoitzaren dibertsitate genetikoa galtzen denean, gaixotasunen aurrean ahulago bihurtzen garela.
- Borboien historian erreparatu besterik ez dago, kar!
- Edo covid bezalako pandemietan.
- Urdaibai ez denez parke nazionala, ezta natura-parkea ere, eskuak libre omen dauzkate.
- Bueno, beittu zer egin duten Doñanarekin eta hori parke nazionala izan, bada.
- Hainbat milurtekotako zibilizazio humanoa eta herriko jauntxo berberak agintean.
- Hauxe dun hauxe destinu petrala!
- Uste al duzu hau geldiaraziko dugula?
- Bai, ezta? Erronka zailak aurretiaz ere izan dira. Ala 1969ko Urdaibairako plana memoria kolektibotik desagertu al da?
- Ahazturik neukan… 70eko hamarkadan tematurik egon ziren. Erreka berbideratu eta estuarioa sikatu behar zuten, garapen ekonomikoaren izenean.
- Herri borrokak geldiarazi zuen.
- Desarrollismoa ez ei da horren txarra, antifrankismo jantzia behin erantzirik eta aginte makila eskuz aldaturik.
- Topa egingo dugu! Gora Urdaibai!
- Gurea ez dena.
- Eta are gutxiago Herioaren jauntxoena.