Kontu handiz kontrolatu du erosi beharreko frutaren pisua. Jadanik ez da hain gaztea. Ibilbidearen metro bakoitzak nekea biderkatzen duela badaki. Zerura begiratu du berriro. Gris. Astun. Ezagun.
— Baina, baina, ene! Hauxe sorpresa!
— Bai, neska! Zelan zu hemendik?
— Kapitalera etorri behar nintzen kontu batzuetarako eta auzotik pasatzeko aprobetxatu dut. Zelan zabiltza zu?
— Betiko moduan. Mandatu batzuk egitera irten naiz eta etxera bueltarako bidean harrapatu nauzu.
— Etxetik urrun halako poltsekin ibiltzeko, ezta?
— Inguruko kaleetan ez daukat non erosi… txitxibiritxi eta soubenirrak besterik ez, badakizu. Bueno, supermerkatura joan ninteke, baina, aizu, patata kiloa euro bi baino gehiago! Zoratu gara, ala? Omarren dendan 0,99. Eta frutak askoz kalitate hobeagoa dauka…
— Bai, bai, badakit. Herrian antzera gertatzen da, ez pentsa.
— Lapur halakoak!
— Zantarrak! Eta, zer, jendearekin egoten zara?
— Inoiz edo behin, baina oso gutxitan. Aspalditik nor bere auzoan geratzen da, hantxe hartzen ditu pare bat txikito eta listo. Oso-oso gutxitan jaisten dira hona, ez bada manifaren bat izan dela edo halakoetan. Auzoa ez da honezkero elkargunea. Turisten aldrak dira jaun eta jabe orain.
— Beittu, hortik datoz beste batzuk. Hobe baztertxo horretara mugitzen bagara. Bai, laztana, turismoak, lehenengoz, herrietako bihotzak banpirizatzen ditu eta hortik joaten da zirkulu kontzentrikoetan zabaltzen, harik eta azken odol tanta xurgatu arte. Baina zer nahi duzu nik kontatzea? Herrian azken moda islara joatea da. Gaztelugatxe Bi edo bihurtu behar dute azkenean. Ez dakizu zelako prozesioak izaten diren haraino doan harrizko bidetik! Ezin kabituta! Ez dakit zer uste duten topatu behar dutela han. Lehen arazo bakarra kalatxoriekin izaten genuen, kumak habietan zeuzkatenean, baina orain amaitu zaigu hara joatea, amaitu zaigu han intimitaterik bilatzea…
— Zirriak egitera, etxera! Kar!
— Edo, kalatxoriekin batera, teilatuetara! Kar!
— Herritarrok sobran gaude herrietan.
— Bai, halaxe da.
— Badakizu noiz konturatu nintzen horretaz? Hirietan arropa balkoietan eskegitzea galarazten hasi zirenean.
— Bada denbora.
— Bai, bada… Baina ba al dago ezer ederragorik? Kolore horiek guztiek bizia islatzen dute. Burua altxatu eta eraikin horren barruan egunerokotasuna irudika liteke. Berbarik gabeko komunikazioa da. Zurekin batera beste pertsona batzuk existitzen direla jakitun zara; hortxe daude, ezezagun, baina hurbil, zu bezalakoak.
— Edertasuna bermatu nahi dutela esango dute.
— Zer ote dakite batzuek edertasunaz? Ekintza humano hori ezkutatuta, eraikina baino ez da agerian, adreilu eta porlana. Lehengai hilak dira horiek, berez. Balizko edertasun hila. Ekintza humanoak sortzen du artea.
— Zer ote dakite batzuek arteaz? Sucede que me canso de ser hombre zioen Nerudak kaleetatik paseatzean, zimel eta barrenkoi.
— Sucede que se me ha alegrado el día, al ver al sol secándose en tu ventana tus bragas osatu zion Extremoduroko Robek.
— Ba bai, herritarrok sobran gaude herrietan. Zenbaitetan ematen dit gure zeregin nagusia folklorez zipriztintzea dela, harako koadro kostunbristak osatzeko atrezzoa baino ez garela oraindino.
— Eta mundu guztia pozik, Mister Marshallen inbertsio datuak zabaltzen dituztenean. Inbertsioa, hutsik dagoen beste berba magiko bat. Ze inbertsio? Donostian auzokideak etxegabetzen dituen funts putrearena? Horrexek Bilboko Termibus eskuratu izana? Horrexek, antzeko beste batzuekin batera, La Casilla berriaz ere jabetzea? Bizkaiko hainbat zahar etxe ustiatzen dituzten SOCIMIena inbertsioa al da? Gerora, gainera, Arabiar Emirerrietako beste funts bati horien aktiboak edo, bestela esanda, eraikinak, saltzeko…
— Horrexetan datza publiko-pribatu elkarlana.
— Ondasun publikoen desjabetzean.
— Eta zirimola honetan tontoenak ere bere pastel zatia nahi du. Ba al dakizu zer kontatu zidan M-k aurrekoan?
— Ai, zelan dabil gure sorgina?
— Ondo, ondo, biziraupenaren mikroekonomian, badakizu, baina ondo. Ba, ama eskailerako batzarrera lagundu zuen eta hara! ganorabako batek pisu turistikoa muntatu nahi duela eta, auzokideek ezetz esan diotenez, ijitoak sartuko dituela mehatxatu du.
— Zelako mehatxu zaharrunoak, ezta? Orain modan dagoena ez al da mairuekin mehatxatzea?
— Sar ditzala, ba! Horixe nahi dute M-ren amak eta besteek, familia bati alokatzeko! Baina zuk uste al duzu horrek ijitorik ezagutzen duenik, ala? Kar!
— Halako tipo arrazista bati pitilinoa jausiko litzaioke tanta bat ilunagoa den edonor berak erabilitako komunean kaka egiten imajinatze hutsarekin.
— Ba, neska, ikusi beharko da, boutade horietatik harago, nora arte dagoen izorratzeko prest eta, beharrezkoa balitz, badakizu, komando autonomoa!
— Bai, Mari, ekintza zuzena! Abisatu dena delakoarekin…
— Bueno, banoa. Arineketan. Euri tantatxo bat igarri dut eta.
— Arropak kanpoan eskegita dauzkazu?
— Jakina! Kulero eleganteak erosi nituen aurrekoan, nahi badute, instagramea ditzatela.