Segurtasun eredua, izan gabeko eztabaida

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Elhadji Ndiayeren kasuak, Ertzaintzaren Sestaoko komisaldegian hildako gaztearenak, Iñigo Cabacas auziak, Leioan izandako istiluek, Arnaldo Otegik «Ertzaintzak ere hil du» adierazteak edo Altsasuko gertakariek badute oinarri komuna: segurtasunaz hitz egiteak argitasuna ekarri ordez, polemika dakarrela. Egia ezartzeko ahaleginei «estatuko arrazoia» gailentzen zaie. Gogoeta pausatu bat baino gehiago, erraietako erreakzioa eragiten duela. Behar dugunaz patxadaz eztabaidatu baino gehiago, eredu zahar eta desfasatu baten ondorio lazgarrien erritmora hitz egitera behartuta gaude.

Joan den larunbatean Altsasun mobilizazio erraldoi bat egin zen «terrorismoagatik» atxilotutako 7 gazteen auzian justizia eskatzeko eta gertatutakoaren inguruan egia ezartzeko. Bitartean, EHBilduk Euskal Herriko Segurtasun publiko eredu berri baterako oinarriak jardunaldiak egin zituen Donostian. Kaleko ekimena eta gogoeta uztarturik etorri behar delako.

Jardunaldian, galdera sinple bati erantzuna eman nahi genion: gaur egun 23.000 polizia ditugu Euskal Herri osoan, eta Europako ratioek 6.000 inguru aholkatzen digute. Nola egin trantsizio hori? Polizien urteko aurrekontua 1.500 milioi euro da. Gure kontura, zuzenean edo itunen bidez ordaintzen duguna. Giza baliabide eta baliabide ekonomiko horiekin, behar eta merezi dugun zerbitzua eskaintzen zaigu? Guk argi dugu ezetz. Beraz, alternatiba eraiki behar dugu.

Horretarako, nazioartetik ideiak, aholkuak eta inspirazioa ekarri nahi izan genituen. Eskoziatik kontatu ziguten polizia desarmatua posible zela. Quebecen polizia ratioak 1,8 mila biztanleko direla esan ziguten, 6.000 horretatik oraindik beherago. Ipar Irlandan, indar armatu arrotzek alde egin zuten bitartean, tokiko poliziaren sakoneko eraldaketa prozesu bati ekin zioten. Katalunian, Badalonako kasuan, udaltzaingoa gertutasun polizia bihurtzeko garatzen ari diren prozesua ezagutu ahal izan genuen. Eredu zentzuzkoak, arrazoizkoak, posibleak… Estaturik gabeko nazioen ekarpena.

Ez gara hutsetik abiatzen. Guk ere praktika txarrak detektatu ditugu, eta polizia eredua egokitzeko prozesuak abiatu ditugu. Gure ikuspegitik gertutasuneko polizia udaltzaingoa da. Polizia komunitarioa. Arazoak konpontzera zuzendutako polizia. Laudion eta Iruñean udaltzaingoen arazoak eta inertziak konpontzeko prozesuak abiatu dira. Bestalde, proposatzen dugu polizia autonomikoen papera berraztertzea, ezagutzak gidatutako segurtasun eredu bat garatu dezaten, polizia espezializatu bezala, funtzio espezifikoekin. Horretarako, Foru zaintzaren egitekoak zabaldu behar dira, Nafarroan segurtasun beharrei aurre egiteko. Bere aldetik, Ertzaintzak garatzen dituen funtzioak, protokoloak edo armategiak eraldatu behar dira. Azkenik, kanpoko agintea duten poliziak ez ditugu behar, ez iraganean utzi diguten laidoen sortagatik, ez orainaldian euren presentziaren ilogikotasunagatik. Ipar Irlandan bezala, alde egitera deituak daude.

Uste dugu urratsak egin behar direla, iragana ezagutuz eta erreparatuz, etorkizunari begirako eredua diseinatzeko eta trantsizioari ekiteko. Poliziaz hitz egin dut. Baina segurtasuna poliziaren kontzeptua baino haratago doan ideia da. Segurtasuna zerbitzu integral bat bezala hartu behar da, poliziez gain, prebentziozko ikuspegi batetik lan egiten duten zerbitzuak (hezkuntza, laguntza soziala, bazterkeriaren kontrako edo genero indarkeriaren kontrako politikak…), larrialdiak, suhiltzaileak, boluntarioak, babes zibila... bilduz. Segurtasunari buruzko eztabaida hau zabal dezagun, bertan herritar ahalmenduak, auzo-mugimenduek eta gizarte zibil antolatuak parte hartzearen bitartez, gobernantza berri baten elementu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.