Sasipolitika

BERRIA.
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak euskararen dekretuaren aurkako epaiari ez ziola helegiterik jarriko jakinarazi zuenean, amorrua sentitu nuen. Albisteak ustekabean harrapatu ez ninduen arren, etsipena eta auzo-lotsa nagusitu zitzaizkidan. Nahiz eta bihotzik gabeko politikaren erraietan —sasipolitikan, beraz— gauza bat esan eta kontrakoa egitea hamaika aldiz ikusi dudan.

Halako batean, erabaki esanguratsu horren bitartez, mozorroa kenduta agertu dira Geroa Bai eta Podemos, morrontzaren eredu perfektu bilakatuta egungo koalizio gobernuan, «ziurtasun juridikoaren» aitzakiapean ezkutatzea lortu gabe, haien ausardia faltarengatik. Hain zuzen ere, horregatik eta aurreko legegintzaldian hizkuntz politikan emandako pauso makalak defendatzearren aurkeztu behar zuten kasazio helegitea: koherentziagatik ez ezik, erantzukizunagatik. Euskarabidea, Geroa Bairen ardurapean egonda, haien esku dagoelako eta ez beste inorenean. Zertarako egon gobernuan bestela?

Gauza bera galdetu nion neure buruari Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen epaia iragarri ondoren, Nafarroako Gobernuak, Podemoseko Justizia kontseilaria barne, erabaki horrekiko «erabateko errespetua» agertu zuenean, nola ez, alderdiei «balorazioak» egiteko aukera eskainita; betiere, eserleku baten truke, errealitatea eraldatzeari uko eginda. Hori bai pantomima eta zinismoa! Gobernuaren barnean kikildu egiten diren alderdiek pankartaren beste aldean jartzeko deialdia egiten ikusi behar izatea, haien esku dagoena egin nahi ez izatea, iruzur demokratiko galanta izango ez balitz bezala.

Gobernu «aurrerakoia» esaten zioten, Navarra Suma saihesteko «ezinbesteko alternatiba». Baina bi adibide sinboliko hauek mugarri izan dira koalizio horren jarrera zein izango den agerian uzteko. Bidegabekeriarekiko distantziakidetasunik ez dago; horrenbestez, ez badute ez gure hizkuntza ez gure oinarrizko eskubideak defendatzeko asmorik, zapaltzen gaituzten horien alde berean kokatzeko hautua egiten ari dira. Oraingoan, hizkuntz politikaren esparruan UGTren esanetara hartu dute erabakia; aurrekoan, ondarearen gaineko zerga Nafarroako Enpresarien Konfederazioak eskatuta kendu zuten bezala. Jakin bagenekien, aurreko agintaldian jada hala ikusi genuelako, PSNk eta Geroa Baik garapen ereduan eta politika ekonomiko neoliberaletan bat egiten dutela. Orduan ere, «ziurtasun juridikoa» zela eta, ezin izan baikenuen orain lehentasuntzat jotzen duten AHTa geldiarazi, bankuei oparitzen zaizkien gehiegizko interesak berriz negoziatu edo kapitalaren errentek pertsona fisikoek baino bost aldiz gutxiago ordaintzea dakarren zerga sistema irauli. Ez genuen Geroa Bairengandik banka publikoa defendatzerik espero, edo hezkuntza publikoan erlijio orduak murrizterik, baina euskara? Ezta hori ere? Eta erabaki horien aurrean, Podemosek ez du deus esaterik? Zurituko al ditu zuritu beharreko guztiak, oportunistek egin ohi duten bezala, inongo printzipiorik eta mugarik gabe? Antza, diotena diotela, inork aukeratu ez dituen botere faktikoei men egingo dion gobernua dugu hau, bakoitzak bere antzezlana jokatuta; eta gidoiari jarraikiz, momentu aproposa ailegatu orduko, koalizioak eztanda egin dezake demokraziaren simulakroa den fikzio honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.