Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Sarkozyren gizalegea

2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Lehenagotik ere mintzatu izan da Nicolas Sarkozy presoen gerturatzeaz. 2002. urtean adibidez. Euskal Herria ez, Korsika bisitatu zuen orduan Sarkozyk, artean Barne ministroa zela. Presoak euren familiengana hurbiltzearen alde mintzatu zen, «Korsikan bezala Frantziako beste edozein lekutan», eta gaineratu zuen kontua ez zela Korsikarentzat lege berezi bat egitea, «baizik eta gizalegea ezartzea». Dominique Perben Justizia ministroak, Sarkozyren aldamenetik, preso kondenatuak Korsikako kartzeletara eramaten aurki hasiko zirela iragarri zuen. 2002ko urriaren 25a zen.

Sarkozyk-eta Korsikara bisita egin eta hilabete gutxira, abendu bukaeran, adierazpen interesgarria egin zuen Frantziako Gobernuko Justizia Saileko Estatu idazkari Pierre Bedier-ek, euskal auziari buruz ari zela nonbait: «Tratu berdinerako lege errepublikanoaren arabera» presoen hurbiltzea Korsikatik kanpo ere aplikatuko zela adierazi zuen, baina ez «Mont-de-Marsan-eko presondegi berria eraiki baino lehen». Mont-de-Marsan-eko espetxe berria 2008tik dago zabalik.

Orain Sarkozy Errepublikako presidentea da, eta ez du bere menpeko batek hitz egin, berak zuzenean baizik. Presoak hurbiltzea, arazoak arazo, «desiragarria» dela esan du. Eta Espainiako eskuinak, politikoak eta mediatikoak, ez dio lepora salto egin. Letra txikian akaso baten batek idatziko zuen Sarkozy ere —Koffi Annan, Bertie Ahern, Tony Blair eta abar bezala— ETAren zerbitzuan dagoela, baina egunkari espainiarretan letra handian behintzat inork ez dio halakorik leporatu. Hara AVTko presidenteak zer-nolako kontuarekin kritikatu dituen Frantziako Errepublikako presidentearen hitzak: «Sarkozy jaunarenganako errespetu guztiarekin, eta etakideak atxilotzean Frantziak emandako laguntza biziki eskertuz, jakinarazi nahi diot biktimok ez dugula nahi eta ez dugula onartzen presoen gerturatzea, eta atzerapauso itzela litzatekeela Espainiako terrorismoaren biktimen borrokan eta aldarrikapenetan».

Oraingo honetan, Sarkozy ez da mugatu Frantziako Gobernuak Espainiako Gobernuaren irizpideei eta politikei jarraituko diela esatera. ETAren aurkako borrokari edo gatazkaren konponbideari buruz galdetu izan diotenean, beti erantzun izan du Espainiaren barne arazoa dela eta Frantziako Gobernuak Espainiakoari jarraituko diola. Hori ere esan du orain Baionan —»Frantziako demokrazia beti egonen da Espainiako demokraziaren alboan»—, baina presoei buruzko galdera zehatzari nahiago izan dio ikuspegi propioz erantzun, Espainiako Gobernuaren politikei jarraitu beharraren irizpidearekin kontraesanean dagoela dirudien ikuspegiz hain zuzen ere, Mariano Raxoiren gobernuak ez baitu oraingoz euskal presoak gerturatzeko «desiorik» inolaz ere agertu.

Sarkozyk Raxoi nabarmen utzi du, euskal auziaren arloan malgutasunez jokatu beharko lukeela uste dutenen aurrean: Frantziako Errepublikako presidentea malgutasunez jokatzeko eta pausoak emateko prest, eta Espainiako Gobernuko presidentea itxikerian egoskortuta. Alabaina, Frantziako eta Espainiako gobernuek auzi honetan izandako lankidetzaren historia kontuan hartuta, eta orain Sarkozyk Raxoiri bizkarra emanda jokatzeko ageriko arrazoirik ez duela aintzat hartuta, ez harritu sintonia osoan jarraitzen baldin badute, bakoitzak bere paperean.

Oraingoz adierazpen batzuk besterik ez da, baina Espainiako sektore gogorrenak ere ez dira ausartu Sarkozyri gogor egiten, lehen kolpean behintzat. Zalantzarik gabe, iritzi publikoari eta hedabideei begira, Sarkozyk errazago luke euskal presoei buruz malgutasunez jokatzen hastea, Raxoik baino. Eta Raxoiri kalterik ez, baldin eta noizbait pausoak ematen hastea aurreikusten baldin badu, Sarkozyk aurretik bidea irekitzea.

Baina, oraingoz, hitzak besterik ez da. Sarkozyren hitzei buruz interpretazio baikorra egin zuen kazetari korsikarrik ere izango zen 2002ko urrian, presoak gerturatzea gizalegea besterik ez zela esan zuenean Korsikan, Perben Justizia ministroa alboan zuela. Hamar urte joan dira promesa hura egin zutenetik. Preso korsikarretako batzuk oraindik nongo kartzelatan dauden jakin nahi baduzue, egin klik, adibidez, www.unita-naziunale.org gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.