Sareko euskal unibertsitate baterantz

BERRIA.
Juan Jose Alvarez
2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Unibertsitateko lanak dakarren askatasun oasitik, apal-apalik, egiteko daukagun erronka bat proposatu nahi dut, gure unibertsitate guztiek egiten duten lana onarturik eta guztiz errespetaturik. Erronka hauxe: gizartearen zerbitzuko egiazko unibertsitate sistema bihurtzea gure unibertsitate egoki hauen batura; lan egitea sistema hori sareko unibertsitate batekin osatzeko; eta sareko unibertsitate horrek euskaraz eskaintzea prestakuntza guztia.

Euskal herritarra eta unibertsitarioa naizen aldetik, proposatzen dut elkarrekin eta elkarlanean aritzeko esperientzia esploratzea. Hona hemen herri gisa dugun beste desafio bat: gure unibertsitate eta ikerketa sistemari arkitektura instituzional egokia emana diogun honetan, orain egiazko sistema integratu bat bihurtu behar dugu, elkarlanean eta lankidetzan ariko dena, sendoa, organikoa.

Gure unibertsitateek badute beren eredua; bikaintasunaren bila ibiltzen dira; elkarri lehia zilegizkoa egiten diote. Baina ez ote dago tokirik elkarlanerako, lidergo partekatuetarako, betiere ikasleen zerbitzuan, ikasten duten tokian ikasten dutela —Pauen, Baionan, Nafarroan, Leioan, Bergaran, Gasteizen, Donostian, Deustuan—? Horiek izango dira etorkizuneko gure profesionalen oinarria. Gehiago eta hobeto egin al dezakegu zenbait arlotan auzolanean arituz gero?, aniztasunean baturik ari gaitezke?, elkarguneak aurki ditzakegu irakaskuntzan eta ikerkuntzan?

Erantzuna baiezkoa da, jakina: proiektu estrategiko bateratuak aurki ditzakegu, eta aurkitu behar ditugu, euskal unibertsitate bakoitzak bere onena ekar dezan egitasmo horietara. Gai izan behar dugu unibertsitate aldetik ere lantzeko gure euroeskualde Euskadi/Akitania/Nafarroa; gai izan behar dugu egiazko sistema bihurtzeko unibertsitate konurbazio hori. Erronka horri heltzeak erakutsiko luke, pedagogia sozialeko ariketa ezinbesteko batean, zein interesgarria den proiektua, batetik, eta, bestetik, badagoela elkarlanerako bide bat, eta ez lehiarako bide bat bakarrik; horrek bereizgarri bat emango luke, eta eredua litzateke gizartearen eta erakundeen beste esparru batzuetan.

Eta, errespeturik eta apaltasunik handienaz, iradoki nahi dut erakundeek, gure gobernuek oinarriak jar ditzatela elkarlan hori mamitzeko: mesedegarria izango da sisteman ad intra eta ad extra, nazioarteko gure proiekzioan.

Uste dut badugula zertan aritu elkarlanean, Euskal Herriko unibertsitate multzo atomizatu honetan: euskarak batzen gaitu; gure unibertsitate eredua hobetu nahiak batzen gaitu; unibertsitateok osatzen ditugun pertsonek batzen gaituzte; gure ahalegina gizartearen zerbitzuan jartzeko borondateak batzen gaitu.

Eta hauxe izan liteke unibertsitate akordio horren lehen emaitza: teknologia, unibertsitate bakoitzeko know how-a eta irakasleak batera lanean jarririk, denon artean Unibertsitate birtual bat prestatzea, sarekoa, euskarazkoa, gure kultura, gure hizkuntza eta gure jakintza munduan zabalduko dituena.

Elkarlanerako esparruak aurkitu behar dira, eta sareko unibertsitatea izan liteke horietako bat, zoragarria; aurrekontu aldetik, neurritsua eta eramangarria litzateke, eta, beraz, egiteko modukoa. Etorkizuneko on line unibertsitateko euskaldun hori oso baliagarria izango zaio gizarteari, gero eta gehiago eskatzen baita halako prestakuntza. Eta abiapuntua izan liteke esparruak aurki ditzagun elkarlanean aritzeko, elkarrekin topatzeko, batera lan egiteko, baliabideak arrazionalizatzeko eta hobekuntza etengabea sustatzeko, unibertsitate arteko ikertaldeak sorturik. Zinez, uste dut erronkak merezi duela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.