Asier Etxenike.

Sare sozialetan, arduraz

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Robert Habeckek, Alemaniako Alderdi Berdearen liderretako batek, sare sozial digitalei uko egin die. Horren arrazoiak eman ditu. Sare horietan hainbat akats egin izana, batetik, eta Alemanian gertatutako datu politikoen lapurreta masiboak, bestetik. Nabarmendu du sare sozial digitaletan eztabaida lasairako aukerarik ez dela izaten. Hausnarketarako aukera mugatzen dela eta politika bera oztopatzen duela.

Egun inork ez du jarriko zalantzan Internet orokorrean eta sare sozial deitu dugun mundu horrek guztiak zehatzago, gauzak asko aldatu dituela. Geroz eta jende gehiagok mugikorrik gabe, Internetik gabe bizitzeko zailtasunak ditu, ditugu. Nor edo zenbat dira gai egunez lau orduz mugikorra begiratu gabe egoteko? Iaz zabaldu zen ikerketa baten arabera, EAEko herritarren ia %20k mugikorrarekiko dependentzia zuen, eta ia erdiak mugikorra begiratzea zen egunero egiten zuen lehen gauza eta azkena. Hamarretik zortzik mugikorrik gabe ezingo zirela bizi adierazi zuten. Datu horiek hedaduraz hitz egiten digute. Aldiz, hedaduraz gain, eragin nagusietako bi, esango nuke, komunikazioaren azkartasuna eta beligerantzia izan direla.

Azkartasuna. Etengabeeta denbora galdu gabe mezuak, gertakariak edo dena delakoa erantzuteko beharraren sentimendua asko hedatu da gure jendartean, eta politikak ez dio horri ihes egin. Azkartasun horrek, Habeckek aipatu bezala, hausnarketarako tarte gutxi uzten du. Horrek hanka sartzeei ateak parez pare zabaltzen dizkie. Gehiegi hausnartu gabeko erantzunak ematen dira. Edo are okerrago, batere hausnartu edo kontrastatu gabe erabaki politikoak hartzen dira. Azken urteko espainiar politika horren adibidetzat hartuko nuke.

Beligerantzia. Leku guztietan bezala, sare sozial digitaletan ere denetarik aurkitzen dugu, baina tonuz igota dauden elkarrizketak edo eztabaidak nabarmentzen dira. Posizioek polarizatzera jotzen dute, eta testuinguru horretan, adibidez, ikusi dugu Vox-ek nola baliatu duen ezker soziologikoaren suminkortasuna bere burua ezagutzera eman eta bere lau lelo Espainian zabaltzeko.

Habeckek hartutako erabakia erabaki zentzuduna eta ezkerreko ideologiarekin koherentea ematen du. Hala ere, ez dut konpartitzen. Internet eta sare sozialak hori baino askoz gehiago direla uste dut. Internetek politika konplexuagoa bihurtu du. Antoni Gutierrez-Rubik idatzi zuen bezala, Internetek eta sare sozial digitalek komunikazio politikoan izaten ziren botere harremanak eraldatu ditu. Lidergo berriak agertu dira, eta ohiko egiturak, hedabideenak eta alderdienak, beren burua berrantolatzera behartu dituzte. Igorlea, kanala eta hartzailearen eskema zaharkitua geratu da. Egoera idealizatu gabe, baina Internetek herritarroi aukerak zabaldu dizkigu modu zuzen batean politikan eta politikariekin elkar eragiteko.

Horregatik uste dut politikarien ardura ere badela sare horietan guztietan zentzu pixka bat jartzea, zentzu hori falta denean. Politikariak, orokorrean, politika dagoen eremu guztietan egon behar dutela uste dut, kultura politikoa sustatzen, eredu izaten. Kritika onartzen eta argumentuak ematen. Ikuspegi ezberdinak sustatzen. Sare sozialek ezaugarri bat baldin badute, norabide bikoa dela da. Telebista edo beste hedabide nagusiak ez bezala, sare sozialak ez dira alderdiak eta bereziki politikariak norabide bakarrean aritzeko espazioak. Habeckek hartutako erabakia maila partikularrean uler dezaket, baina sare sozial digitalei uko egitea, norberak dituen gaitasunei eta ardurei uko egitea dela uste dut. Imajinatzen duzue politikari zentzudun guztiek berdin egingo balute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.