San Mameskoa, adierazle bat

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Pasa diren Gabonetako hizpidea izan da SanMamesko harmailek Euskal Selekzioaren urteroko adiskidantza partidaren testuinguruan izan zuten hustasuna. Eztabaida sortu da Tunisiaren aurkako nazio taldearen partidak gizartean izan zuen arreta ezaren inguruan. Arerioak euskal jarraitzaileentzat zuen erakarpen maila txikia eta txartelen salneurri garestia aipatu ziren hedabideetan gertaera ulertarazteko. Horrez gain, ekimenaren aldekoek selekzioa ofiziala izan dadin urrats handiagoak galdegiten dituzte, eta litekeena da aldarria 1993anhasi zen Gabonetako nazioarteko partidaren usadiora mugatzeak ezintasun sentipena ezarri izana.

2008an eta 2009an euskal selekzioaren izendapenaren gainean sortu zen ezbaiak, eta Gabonetako partidaren usadioa eten zuenak, oraindik askatu gabeko auzia agerrarazi zuen. ESAIT gizarte taldeak eta futbolariek esku hartuta Euskal Futbol Federazioari ofizialtasunera bidean pauso erabakigarriagoak ematea galdegin zioten orduan. Bestalde, Pirinioez bi aldeetako euskal probintzia guztiak barne hartzen dituen Euskal Herria izendapena aldarrikatu zuten nazio taldearentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien erakundetze autonomikoarekin sobera uztartu den Euskadi deituraren ordez. EuskoJaurlaritzak eta federazioak Euskadi izena berrezartzea eskatu zuten, eta azkenean 2010ean Euskal Selekzioadeitura aseptikoaz aldendu zen eztabaida.

Argudia daiteke ofizialtasunaren auzia oztopoz betetako bidea dela. Izan ere, UEFAren 2001eko legediak behartzen du nazioarteko lehiaketetan aritzeko, dagokion futbol selekzioak, legez, estatu burujabea ordezkatu behar duela. Futboleko eremu sinbolikoan nazioarteko ordezkaritza izatea eta herrialde independentea izatea errealitate parekoak bailiran ulertu behar dira. Dena dela, euskal nazioaren deiturari buruz sortutako ezbaia ez dagokie nazioartetik eta Frantzia eta Espainiatik ezarritako lege oztopoei, bere barne gatazkei baizik.

ESAITek 1993an nazio taldeen ofizialtasunaren gizarte aldarrien gidaritza hartu zuen, eta 2015ean desegin egin zen mugarririk gauzatu gabe. 2009an Euskal Herria Kirola herri elkartea sortu zen, euskal kirolarien eremutik, euskal kirolaren nazioarteko ordezkaritza sustatzeko. Halaber, 2014ko Euskal Selekzioaren futbol partidari lotuta Jauzia taldea jaio zen Durangon, xede berarekin. Hirurek handinahizko ekimenak iragarri zituzten selekzioarentzat, eta hiruron artean elkarkidetza eza nabarmendu zen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Jon Redondo Kirol Zuzendariaren ahotik, 2013an BERRIAn zehaztu zuen soilik berari zegokiola euskal nazio taldeen aldarria bururaino eramatea.

Helmen politiko nabarmeneko futbolean Euskal Herriak ordezkaritza lortuko badu, estatu burujabea eratubeharko du edo globalizazioaren erakundetze politiko eta ordezkaritza eredu berrietan ekimen handiaz barneratu.

Horretarako funtsezkoa izango da, orain utopia dirudiena, politika eta gizarte berekoikeriak gainditu eta ekimen bateratuak gauzatzea.Hedabideek ere funtsezko bidea dute egiteko euskal nazio kirol esparrua egituratzen. San Mamesko hustasunagaitz sakonagoen adierazlea da, inondik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.